argia.eus
INPRIMATU
Antia Fernandezen lorpena
  • Kirol olinpiko batean debuta egin duen Espainiako Estatuko lehendabiziko pertsona transexuala da Antia Fernandez. Galiziako Calasancias boleibol taldean ari da. Mikel Ibargoien Info7 irratiko Kirol Leihoa saioaren gidariak elkarrizketa mamitsua egin zion Fernandezi. Pasarte batzuk ekarri ditugu hona:

Jon Torner Zabala @jtorner 2017ko martxoaren 03a
1 zenbakiduna da Antia Fernandez. Argazkia: Praza Publica.
Poztasun ikaragarria

“Kirol olinpiko batean aritzen den lehen pertsona transexuala izatea ez zen nahita bilatzen nuen helburua, baina historia liburuetarako geratu da. (…) Taldekideek batere arazorik gabe onartu naute. Garaipen handiena hori izan zen niretzat, partidaren emaitzatik harago. Zelaira ateratzean neskatila sentitu nintzen berriro, bere ametsa betetzerik izan ez zuen ume hori”.

Emakume jaio nintzen

“Emakume jaio nintzen, hala sentitu naiz beti. Bost urterekin neska izena izan nahi nuela esan nuen. Etxekoek ez ninduten ulertu, ez dute nire hautua onartu. Identitate maskulinoa eman diogun umea bere buruaz emakume moduan hitz egiten entzuteak, txinpartak sortzen ditu buruan. ‘Bi urte besterik ez ditu baina hau konpondu beharra daukat’. Bi urteko haurrak transexualitatearen kontzeptua ez du argi, bere identitatea zein den ordea bai, hasieratik bertatik”.

Matxitoen artean deseroso

“14-15 urterekin integratua ez nengoela sentitzen nuen. Mutilen artean nengoela matxito gisa hasten zirenean, oilarrik handiena nor, hankarteko erregeaz hitz egiten, etengabe konparazioak eginez, sobera nengoela konturatzen nintzen. (…) Aldageletan deseroso sentitzen nintzen, baita leiho atzetik neskak zelatatzera joaten zirenean ere. Haiekin joaten nintzen beti, baina nire asmoa zen zarataren bat egitea neskak ohartarazteko. Inkontzienteki feminista izaten hasi nintzen. Beste neskak babesten nituen, haien pribatutasuna defendatu nahi nuen”.

Identitatea azaleratzea, suspergarri

Adinez nagusi izatean, basektomia egiteko unea heldu zela ikusi nuen. 2014an medikuaren lehendabiziko kontsultatik ateratzean jabetu nintzen pausoak eman behar nituela, soinekoak jantzi-eta. Transexualengan bada ohiko sentimendu bat, disforia izenekoa, norberarekiko, gorputzarekiko edota organismoaren funtzioekiko gorrotoa eragiten duena, garunak esaten digunaren kontrakoa ikusten dugulako. Soinekoa jantzi, kalera atera eta niri buruz emakume gisa hitz egiten hasi nintzenean, poztasuna erabatekoa zen.

Edozein herritarren eskubide berberak

“Nortasun agiri berria lortu nuenean, boleibolean jokatu ahal izateko ateak jotzen hasi nintzen. Ezezkoak jaso nituen, eta ez nekien ziur zergatik ote zen, ni taldean izaterik nahi ez zutelako, ala soilik legeak esandakoa betetzen ari zirelako. Gero jakin nuen boleiboleko federazioak Espainiako transexualitateari buruzko araudia jarraitzen zuela, eta nahikoa nuela NAN berria aurkeztearekin. Edozein pertsona ez transexualen eskubide berberak ditut. Batzuek oraindik inposatu egin nahi digute zer sentitzen garen, nor garen. Talde batzuetako ordezkariek mediku txosten eta gauza zentzugabe piloa eskatzen zizkidaten”.