argia.eus
INPRIMATU
Añorgatarrek ere, astebetez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu dute
  • Donostiako egiatarren ekimenari eutsi diote Añorga auzokoek. Maiatzaren 2tik ekainaren 3ra bitarte kuadrillak astebetez euskara hutsean bizitzen saiatuko dira.

ARGIA @argia 2016ko apirilaren 28a
Añorgatarrak prest dira maiatzaren 2tik aurrera euskara hutsean aritzeko. Argazkia: www.25geltokia.info.

“Añorgan euskaraz biziko gara” leloa aukeratu dute ekimenerako eta bultzatzaileen esanetan Añorgan euskaraz bizi nahi badute ere egunero ez dute lortzen: “Gure konplexu, beldur eta ohiturek eraginda, askotan, hizkuntzaz aldatzen dugu parean daukaguna mindu nahi ez dugulako, edo beti hala egin izan dugulako”. Bakarka ez, baina taldean euskaraz bizitzeko pausoak eman ditzaketela uste dute.

Kuadrillek koaderno bana izango dute astebeteko saioan auzoko jendearekin izan dituzten bizipenak eta egin dituzten gogoetak idazteko eta hurrengo astean ondorengoei pasako diete koadernoa.

Hilabeteko esperimentutzat jo dute, hizkuntza ohiturez kontzientzia hartzeko balioko duena, eta euskaraz bizi daitekeela eta auzotarren esku dagoela erakutsi nahi dute.

Oraindik izena emateko aukera dago eta informazioa www.25geltokia.info webgunean dago.

Estilo honetako ekimena abian jarri zuten lehenengoak Egia auzokoak izan ziren eta 2016ko urtarriletik martxora bitartean egin zituzten astebeteko saioak. Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimenean 200dik gora lagunek hartu zuten parte.