Donostiako estadioaren obretan izan diren "gehiegikeriak, iruzurrak eta faltsifikazioak" salatu ditu ELAk: "Orain arte gertaturikoaren larritasunaz hobeto jabetzeko, Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak erabaki du kasuetako batzuk Fiskaltzaren eskuetan uztea".
Sindikatuko eraikuntza arduradun Igor San Josek azaldu duenez, 18 enpresa horietako 200dik gora langilek dokumentazio faltsutua zuten, 250 mila euro baino gehiagoko isunak ezarri zaizkie, eta 4,5 milioi eurotik gorako zorra pilatu dute ordaindu gabeko soldatetan eta Gizarte Segurantzari pagatu gabeko kotizazioetan. "Orain arte gertaturikoa ikusita, lasai aski esan dezakegu aurtengo udan iruzurra errepika daitekeela, neurri zuzentzaileak hartu ezean. Batez ere obraren tamaina kontuan hartzen badugu, eta horretarako beharko den pertsonalaren hazkunde nabarmena” adierazi du San Josek.
ELAk bermeak eskatu ditu, Anoetako obran gaur arte bezalako "prekarietate, gehiegikeria eta iruzurrezko baldintzak" errepika ez daitezen. "Alde horretatik ezinbestekoa da Donostiako Udalak eta Realak beste aldera ez begiratzea, eta errudunak kanpoan ez bilatzea. Ez gaitezen nahasi, Anoetan gertaturikoaren benetako erantzuleak haiek dira, ez alferrik haiek hasi zuten obraren lizitazioa argi eta garbi iruzurrezko diru-baldintzenpean, miseriazko prezioetan oinarriturik".
Oinarrizko arazoa, obraren adjudikazioan
Igor San Josek berak, egungo egoeraren oinarrizko arazoa obraren adjudikazioan bertan dagoela esan zion ARGIA aldizkariari, obra horien zuloaz plazaratutako erreportajean: “Lizitazio-prezioek ez dute Langileen Estatutua betetzeko ematen. Aurrez pentsatutako lizitazioa da, badirudi kudeatzaile publikoen helburu bakarra dela Realak ahalik eta gutxien ordaintzea". Obren adjudikazioaren irteera prezio “merkeak” bultzatuta, soilik bi talde aurkeztu ziren obrako lehen lotearen lehiaketara : Moyua eta Altuna y Uria enpresek osatutako Anoeta Zelaia Aldi Baterako Enpresa Elkartea (ABEE) eta “protesta” moduan –esleipenaren bideraezintasuna salatzeko– Obegisa-Inviza ABEE, irteera prezioa %15 gainditzen zuen aurrekontuarekin. Lehenbizikoak irabazi zuen, noski. Bigarren loterako lehiaketara ere lau enpresa baizik ez ziren aurkeztu.