Annapurna 1986, bizipenak berreskuratzea xede

  • Zortzi azpeitiarrek Annapurnara egindako espedizioan hartutako irudiekin osatutako dokumentala digitalizatu eta protagonisten sentipenak jasotzeko finantzazio kolektiboari ekingo diote.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko irailaren 14an - 17:41
1986an Annapurnara espedizioa egin zuten zortzi azpeitiarrak. (Argazkia: Agustin Arenas)

Ostegunean abiatu dute finantzaketa kolektiboa, eta honako loturan egin daiteke proiektua diruz laguntzeko ekarpena. Aurreneko erronka da 40 egunetan 10.000 euro lortzea. Zapatuan, Azoka Herritik egitasmoaren barruan egingo dute crowdfundingaren aurkezpena, 12:00etan, Sanagustin kulturgunean.

Hiru espediziok  soilik  zuten Annapurnako (Nepal) gailurra ukituta Azpeitiko zortzi mendizalek hara igotzeko saiakera egin zutenean, 1986an. Orduan, bizi-bizirik zegoen goimendizaletasuna Azpeitian, eta erronka berriei eusteko prest zeuden Joxe Mari  Azpiazu, Josu Bereziartua, Agustin Madrazo, Agustin Arenas, Joxe Urbieta Takolo, Pako San Sebastian, Bixente Arrue eta Jabier Maiz.

Mendia igotzeko behar zuten materiala hartzeaz gain, bideokamera bat eraman zuten motxilan, eta espedizioa grabatu zuten, ondoren dokumentala osatzeko. Ikus-entzunezkoa 30 urtez Euskal Herriko filmategian egon da lozorroan, eta orain argitara atera nahi dute berriro, digitalizatuta. Baina irudi zaharrak berreskuratzea ez ezik, espedizioan parte hartu zutenen bizipenak eta sentipenak jasoko dituen  bigarren dokumental bat ere egin nahi dute Azpeitiko Zine Klubak eta Kulturaz kooperatibak. Horrek suposatuko duen gastu ekonomikoari aurre egiteko, finantzaketa kolektiboa jarri dute martxan, gaur. Aurreneko erronka da 40 egunetan 10.000 euro lortzea.

Espedizio berezia

Annapurnara egindako espedizioa "anbizio handikoa" izan dela du gogoan Josu Bereziartuak (Azpeitia, 1960): "Alpinistikoki zituen zailtasunengatik, eta espedizioa grabatzeko nahiagatik”. Bereziartuari piztu zitzaion Annapurnako gailurra ukitzeko grina, eta hark animatu zituen gainerako mendizaleak. "Joxe Urbieta Takolo zenak Annapurna ingurura egindako treking baten hartutako irudien emanaldi bat eskaini zuen. Emanaldi hartako diapositiba bat ikusi nuenean, begien aurrean nuenaz maitemindu nintzen. Orduan erabaki nuen nire hurrengo proiektuak hark behar zuela izan. Ez nekien zein mendi zen, zenbateko altuera zuen, ezta non zegoen ere, baina horrenbeste erakarri ninduen irudi hark…", gogoratu du. Orduan, harremanetan jarri zen gainerako mendizaleekin, eta zortzi pertsonako taldea osatu zuten.

Jaso zituzten diru laguntzak "justukoak" zirela azaldu du Bereziartuak: "Gazteak ginen, herrian bazen beste jende bat gu baino sinesgarritasun handiagoa zuena, eta haiengan zegoen jarrita mendizaletasunaren etorkizuna. Horrek zaildu egin zuen espedizioaren diru-biltzea…". Hala ere, herritarren babesa "izugarria" izan zela du gogoan Bereziartuak, eta "ondo baino hobeto" erantzun zutela gogoratu du. Mendian aurki daitezkeen zailtasunei aurre hartuta, Agustin Arenas (Azpeitia, 1958) arduratu zen espedizioko irudiak grabatzeaz. Irudi haiek ez ziren herritarrengana heldu, ordea, pelikula formatuan zeudelako. Azken horren esanetan, dokumentalak ordu eta laurdeneko iraupena du, eta hiru zatitan dago banatuta: "Lehengo hamabost minutuetan Katmandun (Nepal) hartutako irudi batzuk ageri dira. Ondoren, mendira arteko bidea ikusten da, eta azken zatian gailurrera iristeko ahalegin hori dago jasota".

 

Albiste hau Uztarriak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Alpinismoa
Josu Bereziartua eta Amaia Aranzabal goimendizaleak omenduko dituzte Zumaiako Flysch Trail lasterketan

Bereziartua azpeitiarra eta Aranzabal bergararra mendian egindako ibilbideagatik omenduko dituzte urriaren 3an, Flysch Trail lasterketa bukatzean. Bereziartua zortzimilako sei mendi egina da, eta Aranzabal, berriz, 8.000 metroko mendi bat igo zuen lehen euskal emakumea izan zen.


2021-05-30 | Jon Torner Zabala
Mendizaletasuna: Moda berrien erritmoan

"Eseri lasai” idatzi du norbaitek, Larre eta Ipuliño artean dagoen egurrezko eserlekuan, Uzturreko mendilerroan. Intentzio-adierazpena. Duela hamar bat urtetik, eta gogotik estutu gaituen pandemia zerriaren erdian bereziki, mendia arnasgune bihurtu da geroz eta... [+]


SOS Himalaia fundazioa: hamar urte zortzimilakoen itzalean bizi direnei laguntzen

Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen omenez sorturiko fundazioak hamar urte bete ditu eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Belaguan asteburuan. Besteak beste, ospitale bat, eskola bat eta umezurtzentzako etxe bat eraiki dituzte urteotan Nepal, India eta... [+]


80ko hamarkadako latak Pirinioetan: zabor biltzaile baten bidaia gure mendietan

Pirinioak alde batetik bestera ari da gurutzatzen Rafael Sanchís aktibista valentziarra uda honetan, eta bidean topatzen dituen zaborrak berekin eramaten ditu: egunean kilo erdi eta kilo bat hondakin artean, gehiago ezin: “Gutxi dirudien arren, gauza askoren zatitxo... [+]


Eguneraketa berriak daude