argia.eus
INPRIMATU
Jakoba Errekondo, Ilargia eta Landareak agendaz
“Animalien beharra dugu baratze osasuntsu eta bioanitza izateko”
  • Honezkero 2023. urtera begira jartzea gehitxo irudituko zaio norbaiti akaso, baina errealitatea da bi hilabete eskas falta direla urte zaharrari agur esateko. Baratzea, landareak, lorategia nahiz fruta-arbolak dituztenentzat ia ezinbesteko tresna bihurtu den Ilargia eta Landareak agenda berria kalean da, ohiko legez, Jakoba Errekondoren testu eta gomendioekin eta Antton Olariagaren irudi ederrekin jantzia. ARGIAko Azokan edo ohiko liburudentetan topatuko duzue. Hona hemen Errekondok agendaz kontatutakoak.

Garazi Zabaleta 2022ko urriaren 27a
Argazkia: Dani Blanco.

Despistaturen bat badabil hortik... Zer da Ilargiaren eta Landareak agenda?

Baratzean, lorategian, fruta-arboletan eta basoan urte guztian egin beharreko lanak azaltzen dituen agenda da, eta, aldi berean, agenda soil bat, norberak bere gauzak apuntatzeko: dela esaera bat, dela norbaitek probatu duela esan digun barietate baten izena, dela… hori guztia, gainera, ilargiaren ilgora eta ilbehera faseei lotutako argibideekin. Azkenean, norberaren landare tokia desberdina eta bakarra da, eta agenda honek horretaz ikasteko aukera ematen digu.

Zein atal finko ditu?

Ilargiaren zikloen azalpenak daude, hilabete bakoitzean baratzean, fruitu baratzean, basoan eta lore baratzean egin beharreko lanenak ere bai –astero garai horretako lan bereziren batean gehiago sakontzen da, gainera–, sasoi bakoitzaren inguruko esaerak bildu ditugu, hilero garaiko eta bertakoak diren barazkiak esplikatzen dira kalitatezko elikadura antolatzeko… bukaeran, ikasteko zenbait atal ere baditugu: luarra nola egin, landare bakoitzak zenbat ongarri behar duen, zeintzuk diren landare laguntzaileak, landare bakoitzaren lanak noiz egin behar diren, hiztegitxoa… betiko atal horiek mantendu ditugu.

Animaliak dira 2023ko agendaren gaia, ezta?

Bai, urtero gai bat jorratzen dugu agendan, eta 2023koan animalia laguntzaileak izanen dira: gure lorategi eta baratzeetan lagungarri diren animaliak nola erakarri ikusiko dugu. Hilabetero animalia bat aipatzen da eta horri buruzko istoriotxo bat dago Antton Olariagaren marrazki ederrez lagundua. Urubia, saguzarra, txantxangorria, okila, lertxuntxoa, xixareak, apoa, armiarma eta trikua landu dira, esaterako.

Izan ere, funtzio garrantzitsua dute animalia horiek guztiek…

Hori da, zein lan egiten duten eta zein abantaila dakartzaten azaldu dugu agendan, jendeak jakin dezan baratze osasuntsu eta bioanitzago bat izateko animalia horiek zaindu eta erakarri behar ditugula. Gaitzak eta izurriteak kontrolatzen dituzte eta oreka mantentzen dute. Agian, baratzean intsektuak izan ditzakegu, baina ez dira izurrite bihurtuko, elkar kontrolatzen dutelako, eta ondorioz, pestizida eta produktu gutxiago erabiltzen dugu eta lana bera gutxitzen. Azkenean, baratzea ez da gauza isolatua, ingurumen osoaren zatitxo bat besterik ez da. Hor dabiltza animalia denak, eta guk ere horrela ulertu beharko genuke.