argia.eus
INPRIMATU
Animalien askapenaren alde ehunka lagun atera dira kalera
  • Euskal Herriko mugimendu antiespezistak manifestazioa egin du astelehenean. Ehunka lagun elkartu dira Bilbon gizakiz besteko animaliak zapaldutako subjektu gisa aitortuak izan daitezen eskatzeko.

Axier Lopez @axierL 2021eko azaroaren 02a
Argazki guztiak: Nor taldea

Ehunka lagun batu dira asteleheneanBilbon mugimendu antiespezistaren deialdiari erantzunez. Protesta Moyua plazatik atera da, eta Alde Zaharreko karrikak zeharkatu eta gero, Areatzan amaitu da. Gizakiz besteko "animalien erresistentzia" erdigunean jarri nahi izan dute antolatzaileek. "Bada garaia gizakion eta gainerako animalien arteko egungo botere harremana iraultzeko, gizakiz besteko animaliak zapaldutako subjektu gisa aitortzekoa", aldarrikatu du Nor taldeko eledun Maialen Saguesek. Zapalkuntza ororen aurka egiteko beharra azpimarratu dute eta, burujabetzaren bidean inor inoren menpe hartu gabe lanean jarraitzeko dei egiten dute.

"Euskal Herrian dugu Europako behi haztegirik handiena, Nafarroan. Caparrosoko makroetxaldeak milaka animalia zapaltzen ditu espazio berean, baina toki gehiago izan arren, ez dira libreagoak Ultzaman edo Baztanen esplotatzen dituztenak. Jabe bat duen inor ez baita libre", gogorarazi du Nor taldeko bozeramaileak.

Kritika gogorra egin dio mugimendu antiespezistak Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan EAJk eta PSEk aurkeztu duten animalien babeserako legeari. "Iruzur hutsa da, testuinguru espezista batean sortua, etxeko bilakatutako animaliak besterik ez dituelako kontuan hartzen. Gizakiz besteko animalien interesak bigarren edo hirugarren mailakoak dira beti", adierazi du Sagues-ek.