Hiribarren: "Elkartzen dira laborantza industriala eta hazkuntzaren kontrakoak"

  • “Kabalen hiltzea gelditu behar dea jateko?” izenburupean, 2016ko Lurrama feriaren baitan hiru mintzalari kualifikatu ari izan dira baserrietan hazitako animalien ongizateaz eta hiltzeaz baina ere hazkuntzaren tokiaz. Mauleko hiltegiko bideo famatuak nekazariei eragindako kalteei erantzun beharrak mugituta, hitzaldia sustatu dute baserri txikien lana sustatzen duten ELB, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Biharko Lurraren Elkarteak eta Idokik. Bigarren lekukotasuna, Mikel Hiribarren Itsasuko (Lapurdi) abeltzain eta Confederation Paysanneko idazkari nagusia.


2016ko abenduaren 06an - 18:33
Mikel Hiribarren: " Erakutsia dugu animalien artatzen badakigula zuzeneko lokarria badugunean gure kabalekin"."

Kabalen ongizatea bereganatu behar dugu guk laborariek. Ongizatearen arloan aipatzen da erreglamendu barnean hobetzeko gauzak : oiloen kaiolen eremua handituz, aratzeak multzoan haziz, etab.

Hauek denak ez dira gaitza konpontzen duten aterabideak. Guretzat gaitza da zinez hazteko molde industriala nagusitzen ari dela gure eskualdeetan. Animaliak batzuk besteen gainean dira, beti barnean dira, anitz dira, kontzentratuak, laster haziak, gutien bat higitu gabe; kantitateak ekoiztu behar dira merkatuak hola irabazten baitira, ahal den merke haziz kabalak. Sistema hau guzia guztiz kaltegarria da gure laborantzarentzat, prezioa apalak baitauzka eta biziki kaltegarria da ere animalien ongizatearentzat.

Hazkuntza molde horiek gure hazkuntza guztiaren kritikan jartzen ditu herritar batzuk. Ezagutzen balute hobeki beste hazkuntza moldeak badirela, eta zein baikorrak diren jendartea, lurra eta klimarentzat, arras bestela arrazonatuko luketela pentsatzen dugu. Kalte handiak egiten dauzkute kondenan ari direnek: laborantza industriala eta hazkuntzaren kontrakoak borroka berean elkartzen dira azkenean. Gure laborari eta animalien arteko lokarria hausteko helburua dute eta horretan daukute minik handiena egiten. Guk uste dugu laborantza herrikoi eta iraunkorrak duela gehienik ihardesten jendarteak nahi duenari eta animalien ongizateari. Erakutsia dugu animalien artatzen badakigula zuzeneko lokarria badugunean gure kabalekin. Orduan dira kabalak osagarrian eta gu ere trenpu onean.

Laborariak bizi dira beren animaliekin, sortzen ikusten dituzte, bizitzen laguntzen dituzte. Azken gune hori, hiltzeko orduarena, askoz ilunago da bistan da. Gaurko egunean ez da laborarien esku. Europako lege horren menpe gira. Austrian ikusi dugu behiak etxetan hiltzen ahal direla, gero haragia saltzeko. Bada legearen egokitzeko moldea beraz. Etxean hiltzearen eskakizun horretan ez gira mugatzen, nahi dugu ere hurbileko hiltegiak izan ditezen leku guzietan.

Gai beraren inguruan ikusi: Animaliak hil ala ez jateko? (1). J. Porcher: "Abelazkuntza eta abere produkzio industriala ondo berezi"


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Animalien eskubideak
Animalien askapena EHUn ikergai

Antiespezismoa akademiara hurbiltzeko asmoz zenbait ikertzaile eta ikasleren artean ‘Animalia ikasketa kritikoen EHU/UPVko I. kongresua’ antolatu dute martxoaren 20tik 22ra Leioan. 


2023-09-06 | ARGIA
1.761 ekitalditan zezenak erabili dituzte Hego Euskal Herriko festetan

Herriko festetan, zezenak erabiltzen dituzten ekitaldietan udalek zenbat diru gastatzen duten ikertu dute AnimaNaturalis eta CAS International elkarteek. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Azkoien eta Azpeitia nabarmendu dituzte.


Eguneraketa berriak daude