Aspaldidanik denbora gehiegiz palestinarrak jasotzen ari diren eraso bortitza gure pantailetan ageri zaizkigun honetan, angurriaren marrazkiak eta irudiak ikusten hasi naiz; jakin dut Palestinaren ikur bihurtu dela. Fruitu honek banderaren koloreak dauzka, baina pentsatzen dut ez dela horregatik bakarrik izango. Zerikusiren bat izango du sandia edo angurriak estimazio handia izateak Mediterraneo osoan. Maite ditugu, mediterraneotarrok, gure sandia koloretsu, gozo eta freskagarriak.
Antza, sandiaren lehenengo zantzuak Itsaso Hilean aurkitu dira. Handik hedatu zen fruitua Txinara, eta Mediterraneo itsasora, besteak beste. Fruituak ondo eusten dio denboraren joanari, eta bere ur eduki altuaren esker, oso erabilgarria da herri beroetan, ez bakarrik elikagai moduan, baita ur biltegiratze gisa ere. Iberiar penintsulara arabiarren eskuetatik iritsi omen zen, baina urte guztian bero edo bero samar egiten duen bazterretara mugatu zen haren zabalkundea, udako tenperatura ez baitzen nahikoa errendimendu onak lortzeko. Horregatik, agian, ez da oso fruitu popularra Euskal Herrian.
Amerikaraino ere iritsi zen. Sezesio Gerraren garaiko Estatu Batuetan, beltz askeek landu ohi zituzten sandiak eta esklabotzaren abolizioaren sinbolo bihurtu ziren. Gerraren ondoren, beltzak difamatzeko erabili zuten sandiarekiko lotura. Estereotipo arrazistaren arabera beltz guztiak sandiazale porrokatuak ziren, eta horrek esan nahi zuen nagikeriarekin eta zikinkeriarekin loturiko fruta zela.
"Elkarri eskutik helduta bageunde bezala, sandia beltza, txuri, berde, eta gorri baten inguruan"
Niretzat ere fruitu sinbolikoa da. Nire herriko erritu xume baten protagonista. Bazkalondoan, udako giro beroan, itsasoaren murmurioa iristen den toki batean, emakume edo gizon indartsu batek sandia handi hori irekiko du. Umeek ezin dute hori egin, eta ez diote edozeini sandia mozteko laban handia ematen. Zatiak ondo moztu behar dira, eta ebaki zuzen eta zalantzagabekoak egin behar dira. Neurri egokiak ematen jakin behar duzu laban hori izateko. Umeentzat estuagoak, edo bitan zatiturikoak; helduentzat ez hain estuak, baina bai neurrikoak, ezin baita sandia gehiegi hartu, hori ere jakin behar da.
Fruitua zatitzen eta banatzen den bitartean, hasten da udako ohiko solasaldia: Zer moduz dago sandia? Zer itxura? Kolore ona du, itxura ona, edo, uf, jada umelduta ematen du...eta orduan, saiatu eta gero: oh, oso gozoa, mmmm.... oh, ze freskagarria! Edo, kontrakoa: uf, ez du zaporerik, pepino bat ematen du... Zenbat buru, hainbat aburu, beti. Konparazioak ere bai... aurrekoa baino hobea, edo okerragoa. Edo non erosi behar den, nola aukeratzen den.... Udaro, beti, angurri bat irekitzen duzun bakoitzean, hori da mahai-inguruko solasa.
Eta pentsatzen (espero) dut, Mediterraneoko bazter guztietan, iparraldean, hegoaldean, ekialdean eta mendebaldean, baita Mississippiko ur-bazterretan ere, gau bero eta sargorietan, izan (eta izango) dituztela gurea bezalako inora iristen ez diren elkarrizketak, mahaira biltzen gaituzten horietakoak, elkarri eskutik helduta bageunde bezala, sandia beltza, txuri, berde, eta gorri baten inguruan.