argia.eus
INPRIMATU
Etxea urez beteta daukate Angeluko zenbait bizilagunek azken hilabetean
  • Lurpeko uren, hondakin-uren eta azken hilabeteetako ekaitzen konbinazioak Angeluko bizilagun batzuen etxeak urez bete ditu. Hilabete daramate irtenbide eske.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 06a
Hilabete baino gehiago daramate Angeluko bizilagunek uholde arazoekin. (Argazkia:Chopin Jean Daniel)

Urtarrilaren 29tik hona problemak besterik ez dituzte Xibertako aintzira inguruko auzotarrek, Angelun. Aurrekaririk gabeko uholdeak jasaten ari dira behin eta berriz eta hilabete baino gehiago daramate ura etxeetan sartuta.

Nahiz eta udalak harez beteriko zakuz hornitu dituen bizilagunak, urak etxeetan sartzen jarraitzen du garajeak eta lorategiak gainezkatuz. Zorte txarrena izan dutenei jangela, sukaldea eta egongela urpetu die.

Otsailaren 14an saiatu ziren lehen aldiz urak ponpatzen, eraginik ez zuen izan ordea. Joan den otsailaren 28tik aurrera, ponpagailu berri bat ari da martxan.

Laugarren uholdea dute 2008tik hona auzo horretan. Sud Ouest egunkariak urak hartutako etxeen argazki eta bideo ugari argitaratu ditu.