argia.eus
INPRIMATU
Angeles Cruz mexikarrak jaso du Zinegoak jaialdiko ohorezko saria
  • Aktore, gidoilari eta zuzendariak gai politiko eta sozialak lantzen dituen fikziozko filmak egiten ditu, Mexikoko bere komunitatean oinarrituta.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 27a
Angeles Cruz zinemagilea. Argazkia: Zinegoak.

Angelez Cruzek Oaxacako Miguel Cabrera Hezkuntza Artistikoko Zentroan ikasi zuen, eta Arte Ederretan Institutu Nazionaleko Antzerki Eskolan litzentziatu zen. 1994 urtean hasi zen aktore lanak egiten, baina 2012 arte ez zuen bere lehen filma sortu: La tiricia o cómo curar la tristeza. Hurbileko batek jaso zuen erasoaren harira hasi zen bere filmak sortzen, ez zekielako nola jokatu, eta zinema egitea erabaki zuen. “Benetako istorioak kontatu nahi nituen” esan du, eta horretarako gai politiko eta sozialak lantzen ditu. Zinegoak festibalaren 20. edizioko ohorezko saria jaso du aurten.

Aurreko edizioan Cruzen Nudo Mixteco (2012) filma eman zuten, eta aurten berriro ere egingo dute. Bilbo Arte fundazioan ekainaren 29an emango dute, 18:30tan, eta sarrera doakoa izango da. Hiru emakume jaioterrira bueltatzen dira eta jaietan bat egiten dute, baina ez dira bertakoak sentitzen. Istorio horrekin, haurren sexu abusuen eta komunitate indigenetako harreman lesbikoen inguruan aritu da. Fikziozko istorioa da, baina harreman handia du Oaxacako bere komunitatearekin.

Komunitate txiki bat denez, lurrak komunitarioak dira eta erabakiak batzar irekietan hartzen dituzte 18 urte baino gehiago dituzten kideek. Cruzek horrela egiten duela lan dio, komunitateko kideekin hitz egiten, elkarrekin lan egiten. Komunitateko kideetatik, %80 baino gehiagok parte hartu dutela bere lanetan dio Cruzek, eta parte hartzen duten komunitateko kide guztiek soldata jasotzen dute.

Zinemagileak komunitatean lan egitea aldarrikatzen du, eta Zinegoak bezalako proiektuen beharra, “ur tantek gauza handiak eskaini ditzaketela” sinestuta.