Ehunka errefuxiatuk Idomeni atzean utzi, eta Mazedoniarekin muga egiten duen ibaia zeharkatu nahi zuten. Hainbat errefuxiatu ito dira, hainbat kazetarik Twitterren argitaratu dutenez.
Iheslariekin zihoazen 30 pertsonako kazetari eta boluntario talde bat atxilotu du Mazedoniako poliziak, tartean da Ane Irazabal. Muga baimenik gabe igarotzea leporatu diote. Mazedoniako Gevgelija herriko polizia etxean izan dute eta gauean askatu dute, Urtzi Urrutikoetxea kazetari eta PEN klubeko idazkariak Facebooken jakinarazi duenez:
"Duela minutu batzuk esan digu kalean zegoela, baina beste kazetariak irteteko zain geldituko direla Idomenira , Greziara itzuli aurretik".
Idomenitik Mazedoniara errefuxiatuen "Itxaropenaren martxa"
Idomenitik Mazedoniara bidean eraikitako hesia ekidin eta ibai bat gurutzatuz "Itxaropenaren martxa" abiatu dute ehunka errefuxiatuk astelehen arratsaldean. 700 lagunek Mazedonian "ilegalki" sartzea lortu dute herrialdeko ejertzitoaren arabera, eta Greziara kanporatzeko mehatxua egin du Barne Ministroak. Mazedoniako poliziak behin behineko aterpetxera eraman ditu, eta Greziara kanporatuko dituzte gero, kazetariek Twiterren zabaldu dutenez.
Hau izan da atxilotu aurretik bidali duen azken txioa.
Hemos cruzado el río (helado). fronterizo. Llantos, gritos y mucho nerviosismo. La policía Macedonia espera #Idomeni pic.twitter.com/aFOl779jEB
— Ane Irazabal (@AneIrazabal) 2016(e)ko martxoak 14
Ane Irazabal kazetari arrasatearra da. Freelance gisa aritzen da hainbat hedabiderentzat, ARGIA, EiTB, Berria edo Telesur-entzat, besteak beste. "Kontzientziak pizteko gaude" adierazi zuen ARGIAn, 2015eko otsailean Sustrai Colinak egindako elkarrizketan.
Greziako Idomeni kanpalekuan pilatuta daude 14.000 errefuxiatu. Mazedoniak muga itxi ostean eta negu betean, okerrera egingo du Grezian dauden errefuxiatuen egoerak. Egun, lokatz gainean bustita dauden kanpin-dendetan egiten dute lo eta jasangaitzak dira baldintzak. Europar Batasunak ordea, atea itxi die: errefuxiatuen etorrerari aurre egiteko beste akordio bat sinatu zuten Europar Batasunak (EB) eta Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek. Akordioak Greziako kostaldera iritsitako errefuxiatuak zuzenean Turkiara bidaltzeko eskumena emango dio EBri. Turkiak, horren trukean, asilo politikoa jaso duten iheslari kopuru bera bidaliko dio Europari.
Mazedoniako hedabide baten bideoa ondoren. Bertan ikus daiteke errefuxiatuek ibaia nola gurutzatu duten eta kazetariekin batera, zenbaiten atxiloketa.