ELA sindikatuak salatu duenez, asteartean lan-istripua izan da Andoainen, AP-15 errepidean: ibilgailu baten kabinak su hartu du eta barruan zegoen garraiolaria hil egin da.
Andoaingoarekin, gutxienez 62 lagun hil dira dagoeneko 2020an Euskal Herrian lan istripuen ondorioz ELAk jakinarazi duenez. Sindikatuak, gainera, zehaztu du kontaketa horretan ez direla aintzat hartu “koronabirusak lan eremuan eragin dituen heriotza zenbaezinak”.
Gipuzkoan gutxienez hamalau behargin hil dira aurten eta heriotza horien ia erdia garraio-sektorean jazo dela azaldu du sindikatuak prentsa-ohar baten bidez.
“Prekarietate hau, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi da, administrazioak honen guztiaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean, behin eta berriro, modu sistematikoan. Prekarietate egoera hauek are larriagoak dira garraio sektorean”, adierazi du ELAk.
Egoera larria da sindikatuaren ustez, lan-istripuen prebentziorako legedia ez delako betetzen eta ez dagoelako kontrol eta jarraipen neurririk. Eta hain zuzen horiexek ezartzeko eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari. “Borondate politikoa eta enpresarien behin-betiko konpromezua besterik ez dira behar lakra honekin amaitzeko, irabazi gosearen gainetik langileen osasuna eta segurtasuna jarriz”, gaineratu du zentralak.
Ostiral honetan lan-istripua salatzeko elkarretaratzea egingo dute Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek. 11:00etan izango da, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen delegaritzaren aurrean.