Ekainaren 13an lurrikara izan zen Andoainen. EAJk eta PSEk Maite Lainaz hautagai sozialista bozkatuko zutela adostu zuten, baina zinegotzi jeltzale batek ez zuen hori egin. Ondorioz, Ane Carrere hautatu zuten berriz alkate.
Ezohikoa bada ere, erreplikak are eta indar handiagoz iritsi ziren Gasteizko Udalera. Aurreikuspenak ez ziren erori, ordea, eta Gorka Urtaran jeltzalea hautatu zuten alkate.
Javier Maroto eta Andoaingo sozialisten protesten artean iritsi zen handik bi egunera EAEko Juan Carparsoro fiskalburuaren ezustekoa: Andoainen jarduera terrorista handia izan zela iraganeko urteetan eta akaso zuri bozkatu zuen zinegotzi jeltzaleak mehatxuak jaso zituela; ikertu beharra zegoela.
Susmagarria Gregorio Olasagasti zinegotzi jeltzale independentea zen. Bere ustezko boto zuriarekin EH Bilduko Ane Carrerek errepikatuko zuen alkatetzan. Fiskalburuarentzat, logikoagoa zen duela hamarkada bateko Andoaingo bortizkeria egoerari erreparatzea, herriaren eguneroko logika eta gertakariei baino.
Ahozabalik utzi zuen alkate hautaketetan halakoetara hain ohitua dagoen klase politikoa, zeresanik ez herritarrak. Zer eta lau urtero eta hainbatetan gertatzen den zerbait ikertu, batez ere esan gabe zer zantzu zuen horretarako? Zergatik ez egin gauza bera aurreikuspenak okertu ziren gainerako lekuetan? Zinegotzi baten izena lau haizetara zabaldu eta haren ohorea zalantzan jartzea zentzuz jokatzea ote da?
Eta zalaparta guztiaren ondoren, orain bai, Calparsorok erabaki du auzia ixtea, botoa sekretua denez ez dagoelako garbi nork bozkatu zuen zuri. Ez delako mehatxuen frogarik. Gainera, dio fiskalburuak, “badirudi inork ez duela jartzen zalantzan zinegotzi honek egindakoaren legezkotasuna”.
Zentzuzko hausnarketa bakarra eskaintzen du Calparsorok bere argudioetan: “Harrigarria da naturaltzat hartzea udal talde bateko zinegotzi batek bere botoa ezkutatzea”. Sanoagoa litzateke eskua altxatuta egitea, zalantza barik, beste mila alorretan bezala, baina orduan boto sekretua bera litzateke zalantzan dagoena.
EAEko fiskalburua izan behar ote da tamainako aztarnekin tamainako ondorioetara iristeko?