argia.eus
INPRIMATU
Andaluziari elkartasuna eta faxismoari hortzak erakutsi dizkio mugimendu feministak
  • Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, mobilizazioak egin dira asteartean Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Asko izan dira Andaluziar Herriari eta faxismoaren kontra borrokan ari diren emakumeei elkartasuna adierazi dieten emakumeak.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 16a
Bilboko elkarretaratzea (Argazkia: Ecuador Etxea)

Asteazkenean egin du Andaluziako presidente zina PP alderdiko Juanma Morenok, Vox eta Ciudadanosen babesarekin. Presidente zinaren bezperan, Andaluziar Herriari eta bertako emakume feministei elkartasuna adierazi dio Euskal Herriko mugimendu feministak. “Faxismoaren aurrean elkartasun feminista” lelopean, Andaluzian ageriko egiten ari den bulkada erreakzionarioari planto egin diote Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizko elkarretaratzeetan.

Vox alderdia Andaluziako parlamentuan sartzearekin indartutako eskuin muturrari eta olatu erreakzionarioari planto egiteaz gain, eskuin muturreko alderdiok emakumeenganako indarkeriaren aurkako legea “joko karta” gisa darabiltela salatu dute. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren arabera, “Vox alderdiaren planetan, lege hau ezabatu, abortua edo sexu aldaketarako ebakuntzak osasun publikotik kendu, kuotak ezabatu… bezalako neurriak daude”. Neurriok olatu erreakzionario baten parte eta “patriarkatuaren kateak estutzeko maniobra” direla salatu dute.

Eskuin muturra mundu mailan hazten eta gobernuetara salto egiten ari dela nabarmendu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu martxak: “Jakin badakigu Andaluziakoa ez dela kasu isolatu bat”. Hala bada, elkartasun internazionalista eta feminista helarazi diete mundu mailan faxismoa borrokatzen diharduten emakume guztiei. “Guk ere bertatik borrokan jarraituko dugu, antolatzen, aliantzak eraikitzen. Elkartasuna delako gure armarik boteretsuena”, egin dute aldarri.

Donostiako elkarrateratzea (Argazkia: Lander Arbelaitz)
Gasteizko elkarrateratzea (Argazkia: Hala Bedi)
Iruñeko elkarretaratzea (Argazkia: Ekinklik Argazkiak)