argia.eus
INPRIMATU
Andaluzia: PSOE+PP= denak antzera jarraitzen du
  • Igandean izan dira autonomia hauteskundeak Andaluzian eta Susana Diaz buru duen PSOE alderdiak lortu ditu bozka gehien.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko martxoaren 23a
Susana Diaz emaitzak jakin ostean.

Aurreko hauteskundeetan baino 120.000 boto gutxiago jaso arren, ordezkari kopuru bera lortu dute, parlamentuko 109 eserlekutatik 47. PP da bigarren indarra milioi erdi boto galdu ondoren 33 hautetsirekin. Podemosek 15 ordezkari lortu ditu, Ciudadanosek 9 eta IUk 5.

Ignacio Escolar kazetariak blogean idatzi duenaren arabera, PSOEk Ciudadanos alderdiarekin Gobernua osatu dezake baina ez du horren beharrik, “gutxiengoa izanda ere alternatiba izan daitekeen beste gehiengorik ez dagoelako”.

PPk porrot bikoitza jaso du Escolarren ustez. Batetik, 50 ordezkari izatetik 33 izatera pasa da eta bestetik, eskuineko alternatiba izan daitekeen Ciudadanos indarrez sartu da parlamentu andaluziarrean.

Podemos ere indarrez sartu da baina espero zituen 20 ordezkari baina gutxiago lortu ditu. Escolarren aburuz emaitza onak dira Podemosenak baina “Andaluzia bezalako autonomia handi batean botoen %15a lortuz, zaila izango da Podemos Espainiako alderdi bozkatuena izatea”.

PPk 2012ko hauteskundeetan lortutako botoen herena galdu badu ere, “bipartidismoak nahiko osorik” jarraitzen du Andaluzian Escolarren hitzetan. 109 eserlekutatik 80 lortu dituzte PSOE eta PPk, parlamentuaren %73,39a hain zuzen ere.