ANC eta Ómnium elkarteek igandean Bartzelonako Catalunya plazan egingo den ekitaldian zehaztuko dute azaroaren 9ko kontsultaren aurrean zein jarrera hartuko duten. Independentziaren aldeko alderdien batasuna indartzea da euren nahia.
Kataluniako azken gertakari politikoek garrantzi berezia eman diote igandeko ekitaldiari. Kontsultaren aldeko alderdien ezadostasunak eta kontsultaren beraren izaera-aldaketa medio, Diadako V erraldoia egitera deitu zuten erakundeek erabakiak hartu beharra ikusi dute.
Bi erakundeek gidatu dute Katalunian azken urteetako mugimendu sozial independentista, eta mugimendu antolatu hori "inoiz baino elkartuago" mantentzea da orain xede nagusia, Vilawebek dioenez.
Zerrenda bateratua eta sinadura bilketa, proposamen posibleak
El Punt Avuik jaso duenez, hauteskunde plebiszitarioetarako zerrenda bateratu bat proposatu dezakete, independentziaren aldeko alderdi guztien ordezkaritzarekin.
Zerrenda horrek aldebakarreko independentzia aldarrikapena izan dezake bere programan.
Bestetik, Vilaweben arabera, ANCk azaroaren 9an sinadurak bildu nahi du, Espainiako Gobernuak kontsultari ezarritako oztopoak salatzeko. Erkidegoko instantzietan ekintza demokratiko bat askatasunez egiteko babesa eskatu nahi du sinadura horien bidez.
12:30ean bilduko dira igandean, eta ekitaldi jendetsua izatea espero da. Carme Forcadell eta Muriel Casals ANC eta Ómniumeko zuzendariez gain, alderdi politikoetako ordezkariak ere izango dira.