ANC eta Omnium Cultural erakunde independentistei 440.000 euroko isuna ordaintzeko agindu die Espainiako Auzitegi Nazionalak. Uko egin die bi erakundeek jarritako errekurtsoak onartzeari “milaka katalanen baimendu gabeko datuak jasotzeagatik helburu ideologikoekin”, El Paísek azaldu duenez.
AEPD Datuak Babesteko Espainiako Bulegoak jarritako isunari ipinitako errekurtsoari ezezkoa eman dio auzitegiak. Bulegoak inkestatutako biztanleei hauen ideologiaren inguruan eta independentziaren alde bozkatuko ote zuten galdetzeagatik zigortu ditu. Auzitegiak zigorra premiamendu-bidetik ordainarazteko agindu du.
Omnium eta ANCk azaroaren 9ko galdeketa aurretik “gigaenquesta” izeneko zundaketa egin zuten. Boluntarioen lanari esker, Kataluniako etxeetan galdetuz egin zen. Lan hori “Ara és l´hora” kanpainaren barruan egin zen, prozesu parte hartzailea indartzeko asmoarekin.
Horren aurrean, hainbat erakundek eta banakok, tartean Vox alderdi ultraeskuindarrak, salaketa bat jarri zuten AEPDn. Bulegoak zehapen-espediente bat ireki zuen, ikerketa abiatu eta erregistroak eginez. Bi elkarteek jasotako informazioa konfiskatu zuten.
Bi erakundeek errekurtsoa aurkeztu zuten, Izaera Pertsonaleko Datuen Babeserako Lege Organikoa urratu gabe jardun zutela arrazoituta. Datuen Babeserako Agentziaren erabakia eta isuna “injustutzat” hartu zituzten eta horien helburua haien sinesgarritasuna kaltetzea dela azaldu.
ANCk salatu du prentsaren bidez izan dutela epaiaren berri.
Oraingoz 440.000 euro
AEPDk 200.000 euro inguruko isuna jarri zion bakoitzari Izaera Pertsonaleko Datuen Babeserako Lege Organikoko 7.3 artikulua urratzeagatik. Artikulu horren arabera, inork ez du bere ideologia, sinesmen edo erlijioaren inguruan hitz egiteko betebeharrik. Bestalde, 40.000 euroko beste isun bat ordaindu beharko du ANCk lege bereko bederatzigarren artikulua ez betetzeagatik. Artikuluak era horretako inkestek jarraitu beharreko segurtasun neurriak jasotzen ditu.
Auzitegiak azaldu du beste bi zigor tramitatuta daudela, bakoitza 90.000 eurokoa ANC eta Omniumen aurka. Hauek bereziki AEBetan babestuak dauden datuen baimenik gabeko nazioarteko transferentziengatik.