Anbulantzien zerbitzua enpresa batetik bestera aldatzeak ez duela egiturazko arazoa konponduko eta “orain arteko pribatizazioaren bidean atzera egin eta anbulantzia zerbitzuaren publifikazioari” ekiteko eskatu diote langileek Eusko Jaurlaritzari, LABek antolaturiko kanpaldian.
24 orduko kanpaldia egin dute anbulantzietako langileek Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, eta mobilizazioa dute astearte honetan, 12:30ean. La Pau enpresaren kontratua bertan behera utzi eta enpresaz aldatu arren, arazoa kudeaketa pribatua dela dio LAB sindikatuak, azpikontratazioak zerbitzua “larriki” kaltetzen duela eta eredu horrek “langileentzat prekaritatea eta herritarrentzat zerbitzu eskasa” baino ez dakarrela iritzita.
Horregatik guztiagatik, Jaurlaritzak anbulantzia zerbitzuaren pribatizazioa amai dezala aldarrikatu dute.