Auzitegi medikuek egindako autopsiak berretsi du gazte galdakaoztarrarena dela otsailaren 11n Anberesko ibaian aurkitutako gorpua, El Mundo-k zabaldu duenez. Datozen orduetan agerraldia egingo dute gurasoek albistea baieztatzeko.
2013ko urriaren 19an desagertu zen Galdakaoko gaztea Anberesen (Flandria). Ingeniari informatiko lanetan zebilen 23 urteko gaztea, eta afaltzera irten zen gau hartan. Afal ondoren etxerako bidea hartu zuen, eta lapurreta egin zioten bi aldiz. Ez da gaztearen arrastorik izan ordutik.
Erasoaren osteko irudiak jaso zituzten MAS museoaren inguruko segurtasun kamerek, baina froga horiek ez ziren nahikoa izan ikerketa garatzeko. Egiluzen desagerpenarekin lotura izan zezaketen hainbat pertsona atxilotu zituzten, baina aske gelditu ziren.
Urte hauetan ekimen ugari egin dituzte Egiluzen senideek eta Hodei Bila elkarteko kideek, ikerketa zabalik manten zedin eskatzeko. 2014ko udan, bizikleta martxa bat egin zuten Belgikan eta Herbeheretan, Egiluzen auziaren berri zabaltzeko, eta kasuaren inguruko froga berriak aurkitzeko.
Desagerpenaren bigarren urteurrena betetzear zela, Anberesko fiskalak Hodei Egiluzen desagertzeari buruzko ikerketa itxi zuen froga gehiago topatu ezinda, Eitb.com-ek zabaldu zuenez.