argia.eus
INPRIMATU
Anatoli Sharí blogaria atxilotu du Espainiako poliziak, Ukrainak eskaturik
  • Errusiaren aldeko "desinformazioa" zabaltzen aritzea leporatzen diote atxiloturiko blogari eta politikari ukrainarrari. Euroagindu baten harira atxilotu dute Tarragonan.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 05
Anatoli Sharí, bere facebook orriko argazki batean

Maiatzaren 4an atxilotu du Espainiako Poliziak Anatoli Sharí blogari ukrainarra, Errusiaren aldeko "desinformazioa" zabaltzeaz leporaturik. Ia hiru milioi jarraitzaile ditu blogariak, eta horrez gain politikagintzan ere aritzen da. Besteak beste, Sharíren Alderdia sortu zuen 2019an Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurkezteko. 

2021eko otsailean Ukrainako Segurtasun Zerbitzuak Sharíri egotzi zizkion "goi traizioa" eta "herritarren berdintasunaren bortxaketa, arrazaren, nazionalitatearen, erlijio-sinesmenen, ezgaitasunaren eta beste arrazoi batzuen arabera". Horri segi atxilotu du Espainiako Poliziak, euroagindu bat daukala bere kontra.

Hamabost urteko kartzela zigorra arriskatzen du kazetaritza lana egiteagatik –tartean, bere blogaren bidez–. Aitzinetik ere hainbat eraso jaso izan ditu Errusiaren alde kokatzeagatik eta Ukrainaren politikak salatzeagatik. Adibidez, martxoaren 25ean escrache bat burutu zuten hamabost bat ukrainarrek bere etxe aitzinean.