Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortutako sariaren aurtengo irabazlea Anari Alberdi abeslaria izango da. Hogei urteko ibilbidean “hitzei emandako garrantzia” eta “musikari nortasuna” ematea nabarmendu dute. Saria jasoko duen lehen emakumea da.
Bat egin dute epaile batzordeko hiru kideek Anariren aldeko hautagaitza defendatzerakoan. Euskal musikari egin dion ekarpenaren garrantzia “begi-bistakoa” dela iritzi dute Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak, Amaia Ispizua musika-sustatzaileak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika Ataleko teknikariak.
Duela lau urtetik antolatzen du Donostiako Udalak Adarra Saria. Euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omenaldia egiteko. Lehen edizioan, saria Mikel Laboaren sorkuntza lanari eta artistari berari eskaini zitzaion. Bigarrenean, Ruper Ordorikari. 2016an Benito Lertxundik jaso zuen eta, iaz, Fermin Muguruzak.