Alde Zaharreko Ekimeneko Ana Sagastirekin hitz egin du Euskalerria Irratiak, bertako bizilagunek sanferminak nola bizi dituzten ezagutzeko. Bederatzi egunez eta 24 orduz soinua gehiegizkoa eta pixa usaina erabatekoa dela esan du. Jaia eta egunerokotasuna uztartzeko neurriak behar direla iruditzen zaio.
Sanferminak pasa berri dira eta Alde Zaharreko bizilagunek salatu dute oso zaila dela eguneroko bizitzari eustea jaietan. AZ Ekimeneko kide Ana Sagastirekin mintzatu da Euskalerria Irratia (elkarrizketa behean irakurgai eta argazkian klik eginda entzungai):
Nola bizi dituzue sanferminak Alde Zaharreko bizilagunek?
Urtearen, egunaren eta unearen arabera. Sentimendu kontrajarriak ditugu. Festa maite dugu eta badakigu non bizi garen. Baina egia da zarata eta zikinkeria ikaragarriak dira. Zaratarenak alde gogorrenetakoa du, etengabekoa dela. Bederatzi egunez 24 ordutan ez da gelditzen. Uste duzunean bi ordu jarraian izanen dituzula lasai, bat batean, batukada bat iristen zaizu edo txaranga bat. Siesta bat egiteko, edo haurra lokartzeko edo pendiente duzun lana egiteko aukera zapuzten zaizu. Beti egoten da zerbait eta gogorra da eramaten. Zikinkeriaren aldetik, etxean egiten ez dutena egitera datoz, bai kanpotik bai bertatik ere: ez da zilegi uztailaren 6an eguerdirako usain hori nagusitzea edo etxetik kalera atera eta topatzea norbait atarian pixa egiten. Izugarria da ate baten kontra pixa egitea jakinda norbait bizi dela. Ez dut imajinatzen pertsona hori bere etxe atarian hori egiten. Edo zabor edukiontzien kontra pixa egiten, jakinda gero, handik ordu batzuetara langile batek bere eskuekin mugitu behar dituela.
Saltokiek ere egunerokotasunari iskin egiten diete eta fruta denda alkohola saltzeko saltoki bilakatzen da edo bokatak saltzeko gune. Horrek ere eragiten dizue.
29 urte daramatzat Alde Zaharrean eta betidanik ezagutu dut joera hori, baina gero eta handiagoa da. Bi establezimendu mota bereiziko nituzke: kamiseta txuriak eta zapi gorriak saltzen dituztenak eta bestetik, traba handiagoa eragiten dutenak alkohola eta bokatak saltzen dituztenak dira. Izan ere, zikinkeria handia eragiten dute. Taberna baten funtzioa sortzen dute, baina ez dute komunik. Mundu guztia saiatzen da jai hauetatik etekin ahalik eta handiena ateratzen. Tabernek ere egiten dute: terrazak zabalak badira gehiago zabaltzen dira; toki publiko guztia pribatizatu egiten da batzuen interesen alde. Non geratzen gara bizilagunok?
Alde Zaharra gero eta gehiago jartzen ari da turismoari begira?
Batez ere turismo mota bati begira. Ostalaritzarekin harreman zuzena duen turismora begira. Ez turismo kultural bati begira edo Iruñea berde bati begira. Astebururo batzuek sortu nahi dute sanfermin moduko bat. Kale batzuetako bizilagunentzat biziezin bilakatzen da.
Bizilagun askok egiten dute ihes Alde Zaharretik. Badakizue zein arrazoiengatik eta zenbat izan daitezkeen?
Interesgarria litzateke. Kexaren bat azaltzen duzunean sanferminen kontra jasotzen duzun erantzuna da: ez bazaizkizu gustatzen zoaz kanpora. Askok lana dugu, bada kanpora joateko dirurik ez duena, edo gustuko duzu sanferminetan egotea baina espazioak behar dituzu festatik kanpo, edo edadetu jende asko dago... Bizilagun asko behartuta dago gelditzera eta merezi dute tratu ona. Jende asko etorri dela entzun dut aurten, jende asko joan dela ere bai. Ziklikoa da dena.
Badu soluziorik?
Nik uste baduela irtenbidea eta gaiari heldu behar zaiola iruditzen zait. Konponbide batzuk daude gure baitan, bakoitzak egiten dituen gauzetan, baina udalaren aldetik ere bai. Komun falta ikaragarria dagoela esanen nuke zenbait tokitan. Dezibelioak ere jaisten ahal dira, inongo eragozpenik gabe ikuskizunarekiko: Konpainia plazan adibidez. Neurtu behar da eta uztartu behar da denen interesa: entzuleena eta auzolagunena ere. Batukadak ere asko izaten dira: ordubetez entzutea oso gogorra izan daiteke. Mugak jarri beharko lirateke. Jotzen ahal da baina toki bakoitzean gehienez 10 minutu. Halakoak adibidez. Denden gehiegikeriak kontrolatzea, apartamentu turistikoena... izan ere, toki batzuetan 12 lagun izan dira horietako batzuetan. Auzoetara dantzaldiak ere eramaten ahal dira, toki lasaiagoak sortzen ahal dira. Hobetu, hobetzen ahal da. Hitz egitea beharrezkoa da, baita bizilagunekin ere.