argia.eus
INPRIMATU
Ana Oregi, Ingurumen sailburua: “Ez da momentua proiektu faraonikoak egiteko”
  • Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu berriak lehen elkarrizketa eskaini du Euskadi Irratian. Oregik jakinarazi duenez, aurki Espainiako Sustapen ministerioarekin bilera izango dute eta mahai gainean bi atal nagusi jarriko dituzte: batetik AHTa, eta bestetik aireportuen gaia.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko urtarrilaren 30
Ana Oregi (arg.: Euskonews)

AHTa eta aireportuak

AHTari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da obren “abiadura eta martxarekin” segitzea. Aireportuen gaiarekin arduratuta azaldu da Oregi: “Osagarriak izan behar dira beraien artean. Foronda oso azpiegitura ona da eta ulertezina da gertatzen ari dena”.

Donostialdeko metroa

Ana Oregiren esanetan sailaren kezka handiena “mugikortasuna” da: “Ez da kasualitatea garraiobideen sailburuordetza Ingurumenean sartu izana”.  Ildo horretan, trenaren aldeko apustua egingo dutela azaldu du sailburu berriak. Donostialdeko metroaz ere galdetu dio Euskadi Irratiko esatariak, Topoaren alde egingo dutela azaldu du Oregik, baina metroaren proiektuari dagokionez zuhurrago azaldu da: “Ez  litzateke arduratsua izango hemen ezer aurreratzea, gaia aztertzen ari gara, baina ez da momentua proiektu faraonikoak egiteko. Ezin ditugu gauzak egin erabiltzaileak kontuan eduki gabe”.

Bestetik, baieztatu du Iñigo Palomino izango dela Euskotren-eko zuzendari berria.

Pasaiako portua

Itsas portuen inguruan ere luze hitz egin du Oregik. Dena den, ez du baieztatu nahi izan Ibai Atutxa izango denik Bilboko portu agintaritzako presidente berria, eta Ricardo Peña Pasaiakoa. Onartu du portu agintaritzak erakunde autonomoak direla: “Baina guk izendatzen ditugu presidenteak, administrazio kontseiluetan sartuta gaude, ez gara floreroak. Inportantea da bi agintaritzak [Pasaiakoa eta Bilbokoa] elkarrekin aritzea. Itsasoz 50 kilometrora besterik ez dago, gure herria oso txikia da”. Zentzu horretan, Pasaiako kanpo portua egitearen kontrako iritzia azaldu du Oregik: “Beti defendatu dut ezetz, eta ez dut iritzia aldatu. Hainbat azterketa egin behar dira, baina krisi hau daukagu. Barruko portua konpondu, biziberritu eta herritarren bizitza hobetu behar dira”.

Fracking-a

Gasa ateratzeko fracking teknikaren inguruan ere zuhur azaldu da Ana Oregi: “Oraindik hainbat itzal daude ingurumenarekiko errespetuari dagokionez, dekretuak eta arauak mahai gainean ipini eta errespetatu egin behar dira, eta oraingo teknikarekin ez da horrelakorik babesten”. Bizkaian ere iragarri diren zundaketa baimenen inguruan, zera esan du: “Esplorazio horiek egiten badira, egin behar dira ingurumen arauak errespetatuz”.