argia.eus
INPRIMATU
Amurrioko Correoseko postariek grebari eutsiko diote, enpresako zuzendaritzaren proposamena nahikoa ez dela iritzita
  • Langileek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari enpresaren proposamena ez dela konponbidea eta, horren ondorioz, hirugarren greba egunari eutsiko diote. 

Aitor Aspuru Saez Aiaraldea @aiaraldea 2025eko ekainaren 09a
Ostiralean bulegoaren alboan elkartu ziren berriro langileak Aiaraldea

Amurrioko Correos enpresa publikoko banatzaileek greba egin zuten ostiralean ere eta horrela jarraitzeko asmoa daukate astelehenean. Hala adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari, konpainiako zuzendaritzaren proposamena ez baita egokia, euren ustez.

CCOOk aipatu dio komunikabideari Correoseko ordezkariek iradoki dietela Amurrioko lanpostuen birdimentsionatzea aztertuko dutela eta langile bat gehiago kontratzea.

Edonola ere, sindikatuaren aburuz, hori ez da konponbidea, besteak beste, kontratazio hori lan hitzarmenetik kanpo egingo luketelako eta oraindik beste lanpostu bat bete gabe geratuko litzaketelako.

Berez, postariek hiru eguneko greba abiatu zuten ostegunean hiru beharginetatik bi falta direlako eta uda heltzear dagoelako. Orain arteko gainkarga biderkatuko dela aurreikusi dute eta jadanik egoera prekarioa dela salatu dute.