Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Miren Amuriza, Igor Elortza, Fredi Paia, Iratxe Ibarra, Jone Uria eta Onintza Enbeita arituko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean, abenduaren 15ean Bilbao Arenan. Azken finalaurrekoan –Gernika-Lumon jokatu zen atzo– Miren Amuriza nagusitu zen. Saio horretan lortu zuten finalerako txartela Amurizak –zuzenean sailkatu da– eta Iratxe Ibarrak –puntuaketagatik–.
Amurizak 533 puntu lortu zituen, Ibarrak 529, Beñat Ugartetxeak 514, Ibon Ajuriak 506, Pello Ormazabalek 499,5 eta Iñigo Artzak 495.
Finalerako txartelak
Finala abenduaren 15ean izango da, 17:30ean Miribilla auzoko Bilbao Arenan. Sarrerak aurrez erosteko aukera izango da www.bertsosarrerak.eu webgunean eta finalaren egunean bertan Bilbao Arenako lehiatilan. 12:00etarako zabalduko da txarteldegia.