argia.eus
INPRIMATU
Junts-ek PSOEren legegintzaldia kolokan jarriko du ez badute "berehala aplikatzeko amnistia integrala" babesten
  • Espainiako Diputatuen Kongresuak berriro eztabaidatu beharko du Aministia Legearen proposamena. PP, Vox, Coalición Canaria eta UPNk ezezkoa bozkatu dute, eta Junts alderdiak ere ezezkoa eman dio. Hilabete inguruko epea izango dute zuzenketak egiteko.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 31
Juntsen diputatu eta bozeramaile Miriam Nogueras. // Argazkia: El Salto

Espainiako diputatuen Kongresuak errefusatu egin du asteartean azken hilabeteotan nekez eztabaidatu eta negoziatutako amnistia legea. Eskuinak ezezkoa bozkatzeaz gain, JxC-ko zazpi diputatuek ere atzera bota dute lege proposamena, argudiatuta ez dagoela behar bezain blindatuta, eta ez duela bermerik ematen jasota dagoen bezala aplikatua izan dadin, aintzat hartuta Espainiako judikaturaren jokabidea. Orotara, aldeko 171 boto eta kontrako 179 jaso ditu.

Juntsen diputatu eta bozeramaile Miriam Noguerasek azaldu du testuak “hutsuneak” dituela eta hori “ezerezean” utz dezakeela “Espainiako justizia prebarikatzaileak”. Gaineratu du, lege proposamena “selektiboa” eta “geroratua” dela, kanpoan uzten baititu prozesu independentistan inplikatutako pertsonak.

La Vanguardia-k jaso duenez, Jordi Turullek ez du mehatxu gisa planteatu nahi izan, baina Sanchezen investidura akordioari erreferentzia egin dio: “PSOEk ez du hemendik mugitu nahi eta ez du amnistia integraleko legerik nahi”. Konponbideetan zentratzea eskatu du, eta ez arazoetan. 

Ezezko hauekin, lege-proposamena ez da bertan behera geratuko, baina epeak luzeagoak izango dira. Ez dute testua senatura bidaliko, eta behe ganberako justizia batzordera itzuliko da. Hala, diputatuek hilabete inguruko epea izango dute onartu ez diren zuzenketak gainbegiratu eta beste batzuk plazaratzeko, baina Kongresuko Mahaiak epea murriztu dezake, tramite hori urgentziazkotzat jotzen badu, Berria-k jaso duenez.

ERC desados agertu da bozketa egin aurretik. Zuzenketak planteatzen zituen, baina testuaren aldeko botoa defendatu du. “Auzitegiek ondo erabiltzen duten lege honek amnistia bermatzen die gure pertsona guztiei, terrorismorik ez delako egon, traiziorik ez delako egon”, defendatu du Pilar Vallugera ERCko diputatuak.