argia.eus
INPRIMATU
Amnistia Legea konstituzionala dela ebatziko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak
  • PPk ezarritako helegiteari erantzunez, legearen testua ia bere osotasunean konstituzionala dela dio auzitegiaren ebazpen proposamenak. Hala ere, legea pertsona gutxi batzuentzat dela dioen argudioan arrazoia eman dio eta herritar guztiei aplikatzea proposatu du.

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 03a
Espainiako Auzitegi Konstituzionala. Javier Perez Montes

Espainiako Gobernuak 2024ko ekainean onartutako Amnistia Legea procés-ean zigortutakoak aministiatzeko helburua zeukan. Baina, eztabaidagai izan da hainbat epaile eta erakunde politiko eta sozialentzat, haien ustetan konstituziotik kanpo dagoen zerbait delako. PPk helegitea jarri zion. Guztiz kontrakoa dio Auzitegi Konstituzionalak bere ebazpen proposamenarekin, honen ustez, xehetasun gutxi batzuk izan ezik konstituzionala da. Behin-betiko sententzia, ekainak 24an emango dute organo judizialeko epaileek, ezustekorik egon ezean, legea aurrera aterako da.

PPren argudio gehienen kontra agertu da auzitegia, hala ere, adostasun puntu bat aurkitu dute: pertsona batzuei soilik aplikatuko zaien onura dakarrela. Horren aurrean Espainiako Konstituzionalak, prozesu subiranistaren testuinguruan egindako ekintza orora hedatzea proposatuko du herritar guztientzat aplikagarria izan dadin. Horren barne beraz, Kataluniako procés-aren aurka egin duten aktoreen delituak sartuko dira.

Bestalde, Auzitegi Konstituzionalak denbora-tarteari buruzko beste aldaketa bat proposatuko du: 2011ko azaroaren 1etik 2023ko azaroaren 13ra arteko ekintzetan  zigortutakoak aministiatzeko balioko du soilik, eta ez gerora gertatu litezkeen ekintzetarako, Amnistia Legeak zioen bezala. Hala ere, xehetasun honek ez ditu ondorio praktikorik izango, procés-aren parte izan direnak ez dituztelako gerora deliturik egin.

PPk Amnistia Legea Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela dio, botere banaketa hausten duela eta Pedro Sánchez Espainiako presidente izaten jarraitzeko soilik burutu dela. Arrazoi horiei guztiei ezetza eman die auzitegiak eta legearen testua babestu du, konstituzionala dela esanez.