Hilabeteetan ezin saihestuzkoa atzeratzen joan eta gero jada EPPKrekin identifikatua sentitzen ez nintzelarik, inoiz bizitzerik uste izan ez nuen unea iritsi da: nire militante bizitzan leku oso garrantzitsua izan duen EPPK-ko militante izateari utzi diot.
Kaleak etengabe barrikadez, gomazko pilotez, ke botez… lepo zeuden herri batean hazi nintzen, Oreretan. Baina orduko nire xalotasun hartan ez nintzen guztiz jabetzen haren zergatiaz.
12 urte nituenean, ordea, nire lehengusu Jokin Zaizar Garaikoetxea ETA (PM)-ko militantearen heriotza gertatu zen, zehazki 1977ko uztailaren 26an. Kolpe mingarri hori izan zen nire konpromiso borrokalaria piztu zuena.
Ondoko urteetan erabaki nuen Jokinen lekukoari heltzea eta ahal bezain duinen eramaten saiatu naiz, nire akats guztiekin, baina beti gure herriarekiko maitasuna oinarri.
Jokinek 20 urterekin isuri zuen odolaz sendotu zituen gure herriaren ikur den haritzaren sustraiak. Baina, gaur egun, eroritako kide askoren gisan, ahanzturan daukate bere jaioterri den Iruran. Ez du merezi nonbait bere heriotza egunean oroitzerik ere. Jokinen eta eroritako gainontzeko kideen memoria gure herriarekiko konpromisoa eta maitasuna aitortzen duten herritar gutxi batzuek eta bere senideek soilik mantentzen dute bizirik.
Jokinen nahiz eroritako burkide guztien memoriak, kartzelan duintasunaren bidean tinko jarrai dezagun argia ematen digute. Agur maitekor bat helarazi nahi diet borrokan eroritako Peru, Gude, Rafa, Arrantzale, Mikel eta Egoitz gudari oreretarren senideei. Beti izango dira gurekin.
EPPK bere “Etxera” oihuarekin egiten ari den bidea “sálvese quien pueda” deritzan politika baino ez da, bere horretan espetxetik irtetea soilik bilatzen duena. Gogorra suerta daiteke hala adieraztea, baina hauxe da kartzeletako egunerokotasunean bizi dugun errealitate gordina. Hau guztia ibilbide politiko historiko baten erabateko ukapena bilakatu da, baita espetxe sistemaren (kalera ateratzeko baimenak, espetxe lanak, justizia errestauratiboa…) bete-beteko asimilazioa nahiz norbera izan denarekiko lotsaraztea ere.
Horren guztiaren adibide argia izan zen ongietorriak bertan behera uzteko erabakiari oniritzia eman zion EPPKren agiria, Euskal Preso Politikoak euren herrietara gordeka eta gizatxar batzuen pare itzul zitezen onartzen zuena.
Mingarria da askapen borrokarekiko ukoa zein muturretaraino iritsi den egiaztatzea eta zein lotsa gutxi dagoen horretarako
Egungo EPPKren konpromiso eta elkartasun eza Palestinako herriaren aurkako genozidioarekikoan nabarmentzen da, bere isiltasuna guztiz lotsagarria da, ez baitu salaketa edo elkartasun hitz bakar bat ere adierazteko gaitasunik izan. Horrek guztiak atzean gordetzen duena beldurra da, espetxe irteerak kolokan jartzeari beldurra, eta espetxe batzorde nahiz epaileekiko beldurra.
Mingarria da askapen borrokarekiko ukoa zein muturretaraino iritsi den egiaztatzea eta zein lotsa gutxi dagoen horretarako. “Justizia” espainiarrarekin onartzen diren akordioez ari naiz, espetxea saihestu asmoz denetariko umiliatzeak onartzen direlarik. Eta gainera herriari garaipen gisa salduz, erabateko asimilazioa eta zapalkuntzan oinarritzen den “elkarbizitza” baterako bidean denean.
Hau guztia zein ukapen mailara iritsi den ikusteak zer pentsa ematen du, Euskal Herria ukatzen eta zapaltzen dutenek (ez ahaztu, oraindik borrokan jarraitzen dugu) ez zuten irudikatuko euren ametsik onenean ere ezartzen diguten zapalkuntzarekiko hain erantzun eskasik.
Sasiborrokalari poltroneroek bultzatutako kaleen indargabetzeak erraztu du hori, ez baitaukate euren jarrera makurra ezkutatu beste helbururik. Borroka honetan izan duten konpromisoa ez da inoiz igaro txosnetan kalimotxoak edan osteko lau oihutatik edo txokoan tripa bapo beteta iraultzez hitz egitetik harago. Ba al daki inork zertan den garaian agindu ziguten desobedientzia zibila? Ondo legoke kartelak jartzea hartaz galdezka.
Noizbait, aspaldi, esan zidan kide batek, gure herriaren arazo nagusia borrokan ziharduenaz jabetze eza zela. Ez dakit hausnarketa hura zuzena zen ala ez. Zinez dakidan bakarra da kide hark borrokaren alde honetan ez duela jarraitzen, eta kalean dabilela “sálvese quien pueda” bideari jarraika. Ezin da samin handiagoa metatu.
Gaur egun “amnistia” hitza debekatua dago, guztiz madarikatuta, gure eguna iritsiko zela amesten zen txokoetako hiztegitik kanpo. Orain bere aipamen hutsak goragalea eragiten dio duela gutxi arte “Presoak kalera, amnistia osoa” eztarria urratzeraino oihukatzen zuten askori. Bizitzak ezusteko asko eman ohi dituela esaten da, eta hau ezusteko horietako bat ote den egiten dut galde.
Gaur, inoiz baino gehiago, “amnistia eta askatasuna” leloak borroka, harrotasuna, sakrifizioa eta eskuzabaltasuna ditu esanahi. Batzuek ikusiko ez badugu ere, gure herriak ikusiko du argia, izatekotan amnistiaren bidetik lortuko baita.
Badakit lerro hauek irakurrita deabru berrien taldean sartuko nautela batzuek, errealitatetik kanpo egotea, euren jarduna osoki maiseatzea, zutik eutsi nahi izatea, nahiz fronte honetara ekarri gintuen zorioneko erokeriari uko ez egitea leporatzen zaienen taldean, hain zuzen. Erretxin horientzat guztientzat nire erantzun apala, behin hain faltan botatzen dugun Egin egunkarian irakurri nuen hauxe: “Pertsona esklaboak bere askatasunaren alde borrokan dirauen pertsonaren begirada gorroto du”. On egin.
Belar txarrak, zainak luze.
Independentzia, sozialismoa eta amnistia.
Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea, euskal preso politikoa
Zaballako espetxea, 2025/11/10