argia.eus
INPRIMATU
Janzkeraren kontrolaren aurka protesta egiteagatik atxilotutako ikasle irandarra askatzeko eskatu du AI-k
  • Amnesty Internationalek jakinarazi du azaroaren 2an Teherango Unibertsitateko ikasle bat atxilotu zutela arropa kentzeagatik. Barruko arropatan gelditu zen neska, Irango janzkera kode islamiar zorrotzaren aurka protesta egiteko.

ARGIA @argia 2024ko azaroaren 04a
Ikasle irandarra barruko arropatan Teherango Unibertsitatean. Bertako ikasleek hartutako irudia da.

AIk adierazi du Ahoo Daryaei emakumea protestan ari zela Teherango Unibertsitate Islamiarrean, segurtasun funtzionarioak beloaren derrigorrezko ezarpena gehiegikeriaz aplikatzen ari zirelako.

Sare sozialetan Masih Alinejad ekintzaile irandarrak Amnesty Internationalen bertsioari eutsi dio. Hijab “egokia” ez eramateagatik jazarri zuen moralaren poliziak eta “ez zuen atzera egin”. Diana Nammi Irango eta Kurdistango emakumeen eskubideen aldeko elkartearen zuzendariak Sky News-ekin hitz egin du, eta esan dio ez dela harritu protestagatik. Hedabideari azaldu dio Iranen janzkera kodea oso zorrotza dela emakumeentzat, hijab osoa jantzi beharra daukatela, eta arropa zabala eraman. “Bera arriskuan dago, eta nire babes osoa dauka”.

Sky News hedabideak jaso duenez, unibertsitateko funtzionarioek bestelako bertsioa eman dute. Haiek plazaratutako oharraren arabera, “estres gogorra” pairatzen du, “buruko osasun arazoak” dauzka eta osasun zentro batera eraman dute.

Irandar Ikasleen Berri Agentziak ohartarazi duenez, inork ez zion ezer esan hijabaren inguruan. Izan ere, beste bertsioaren arabera, unibertsitateko moralaren poliziak hijaba egoki ez eramateaz galdegin zion eta ikasleak, protesta moduan, arropa kentzea erabaki zuen.