Amnesty Internationalek ohartarazi du Espainiako Estatuan “terrorismoari gorazarre” egitea egotzita auziperatutako pertsona kopurua “esponentzialki hazi” dela. Satiran eta bestelako iritzietan eragin “beldurgarria” izaten ari dela eta, sare sozialetako erabiltzaileak, musikariak eta kazetariak auto-zentsurara bultzatzen dituela salatu du.
Legea baliogabetzea eskatu du Amnesty Internationalek, adierazpen askatasunerako eskubidea arriskuan jartzen duela iritziz. Salatu dute ondorengo hiru multzoetan sartzen diren akusazioek ondorio larriak izan ditzaketela: “terrorismoari gorazarre” egitearen errudunak, “ekintza terroristak babesten” dituztenak edo “krimen terroristen biktimak umiliatzen” dituztenak. Hauek kartzelaratuak eta isunduak izan daitezke, eta administrazio publikoko postuetan jarduteko debekua izan dezakete, erakundeak esan duenez.
Amnesty Internationalek azken bi urteetan “terrorismoaren aurkako” legeagatik auziperatuak izan diren adibideak jaso ditu: Madrilen txotxongiloekin performance bat egiten ari ziren bi gazte, César Strawberry eta Valtonyc abeslariak, zinema zuzendari bat, eta Cassandra Vera, Carrero Blancoren heriotzarekin txisteak egin zituen txiolaria.