Eusko Legebiltzarrak bultzatu du lege proposamena, aurreko agintaldian Gasteizko parlamentuan onartu ostean. PP abstenitu egin da eta gainontzeko alderdiek aldeko botoa eman dute.
40 urteren ostean amiantoaren biktimen konpentsaziorako diru funtsa sortzea onartu du Espainiako Kongresuak. Orain arte, biktimak justiziaren bidea hartzera behartuta zeuden indemnizazioa jaso ahal izateko. Auzitegiak onartu behar baitzien gaixotasun profesional bat zela amiantoak eragindakoa.
Beste herrialde batzuetan urteak daramatzate indemnizaziorako funtsek martxan. Frantzia, Belgika eta Herbeheretan besteak beste. Frantziaren kasuan, 2001. urtetik amiantoaren biktimek konpentsazio funtsetik jasotzen dute indemnizazioa. Diru funts hau, %90ean gizarte segurantzak finantzatzen du. Estatuak berriz diruaren %10 jartzen du. Gizarte segurantzako atala, lan mutualitateko soberakinetatik finantzatzen da.
2016ko maiatzean, Eusko Legebiltzarra Espainiar Estatuko lehenengo instituzioa izan zen amiantoaren biktimen indemnizaziorako funts bat sortzea eskatu zuena. Momentu horretan ordea, onarturik zegoen lege proposamena ezin izan zuten tramitatu Espainiar Kongresuko mahaiak atzera bota baitzuen. Jon Aiartza (EAJ), Eva Blanco (EH Bildu) eta Gloria Vazquez (PSE) izan dira oraingoan Espainiako Kongresuan proposamena defendatu dutenak.
Amiantoa, aurreko mende erdialdetik 2001. urtera arte asko erabili zen industrian eta eraikuntzan, bere propietate fisiko kimikoengatik eta produkzio kostu baxuagatik. 2001. urtean debekatu zuten material horren erabilera. Espainia Estatuan, 1994 eta 2008 urteen artean 3.943 pertsona hil dira amiantoaren ondorioz eta hurrengo 20 urteetan honek eragindako gaixotasun kopurua handitzea espero da.