argia.eus
INPRIMATU
Amiantoaren biktimei kalte-ordainak emateko funtsak aurrera egin du Espainiako Kongresuan
  • Zuzenean Espainiako Senatura igorriko dute lege proposamena, Espainiako Kongresuko Lan Batzordeak aho batez onartu baitu. EAEko legebiltzarretik abiatutako ekimen bati esker iritsi da funtsa sortzeko egitasmoa eta "bidegabekeria" batekin amaitzea du helburu.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko uztailaren 14a
Asviamieren elkarretaratze bat (argazkia: Foku)

Hogei urte baino gehiagoz debekaturik egonagatik, amiantoak jarraitzen du isilpeko lan hiltzailea egiten, harekin lan egin eta urte askotara sortzen baitu gaitza. Ondorioz, langile asko babesgabe geratzen da, lan egindako enpresak itxita baitaude edo eskuak garbitzen baitituzte. Egoera horri aurre egitea da Espainiako Kongresuan onartu berri den kalte-ordainak emateko funtsaren helburu nagusietako bat.

Asteazkenean onartu zen Kongresuko Lan Batzordean aho batez, talde politiko guztien babesarekin. Orain, 30 egunen buruan Senatura pasako da, tramite hutsa, kontuan izanik Kongresuan lorturiko babesa. "Oso pozik gaude funtsaren eraketarekin, maila bateko justizia lortuko dugu", azaldu dio Jesus Uzkudun Asviamie EAEko amiantoaren biktimen elkarteko kideak Hamaika Telebistari:

Amiantoaren biktimek orain arte izandako "bidegabekeria" bati amaiera eman nahi diote ekimen honekin, Kongresuan alde bozkatu dutenek azpimarratu dutenez. Baina ez bakarrik lanean amiantoarekin ibilitakoek izandako bidegabekeria, baita etxean arropak garbitzen kutsatu direnek, edo beste tokiren batean amiantoarekin harremana izan dutenek jasandakoa ere.

Funtsa Gizarte Segurantzak kudeatuko du eta Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorren barruan sartuko da; aurten 25 milioi euro izango ditu. Kopuru hori lortzeko garrantzitsua izan zen EH Bilduk 2021eko azaroan Espainiako Gobernuko alderdi politikoekin lorturiko akordioa.

Behin BOE Espainiako aldizkari ofizialean argitaratuta, 90 eguneko epea izango dute araudia garatu eta martxan jartzeko.