Erromako kasazio-auzitegiak dio delituak preskribitu egin duela. Stephan Schmidheiny enpresari milioidunari ezarritako kartzela zigorra eta biktimei eman beharreko kalte-ordainak baliogabetu ditu. Sententzia gauez ezagutarazi zuen epaimahaiak, biktimen artean haserrea sortuz.
Minbizia sortzen zuela jakinda ere, Eternit enpresak erruz produzitu zuen amiantoa hamarnaka urtetan, eta bere jabe Schimidheiny horri esker aberastu zen kontzienteki, milaka herritarren bizitza hipotekatuz. Casale Monferrato eskualdeko biktimek jarritako salaketa oso urrun iritsi da: Turingo auzitegiak 18 urtera zigortu zuen handiki suitzarra.
Baina inoiz lan-osasun eta ingurumen delitu batengatik munduan izan den auzibide handienak boterearen horma topatu zuen parez pare bart gaueko 21:00etan. Epaileek “preskribitu” hitza esan orduko amiantoak eragindako biktimen haserrea eta irain zaparrada jaso zuten. Atsekabea eta negarrak orokortu ziren salan, ez zen espero halako erabakirik. Casale Monferraton "dolu herritarra" aldarrikatu dute eta manifestazio jendetsua espero da ostegun arratsaldean.
Botere-indarrek hariak mugitu dituzten susmoa
Amiantoaren kontrako borrokan Euskal Herrian erreferente de Jexux Uzkudunek azaldu digunez, susmo handiak daude botere-indarrek aldez aurretik hariak mugitu dituztela epaian eragiteko. Horren erakusgarri da Italiako Estatua berak –fiskalaren bidez– zigorra bertan behera uzteko eskatu izana asteazkeneko saioan.
Nolanahi ere, biktimen abokatuek nahi dute besterik ez bada borondatezko homizidiogatik zigortzea Schimidheiny. Dokumentazio guztia bilduta dagoen arren, auzia berriz hasi beharko litzateke horretarako eta azken 15 urteak baino ez lituzke hartuko. Hortik atzera hildakoek, jada ez dute justiziarik izango.