Kostata, baina hiru hamarkadaren ostean hala ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak: lanean arnastutako amiantoaren erruz sortu zitzaion minbizia Celestino Tolosari. Hori frogatu nahian aspalditik dabil haren familia, eta kolpe latza jaso zuen maiatzean, Donostiako Auzitegiak helegitea atzera bota zuenean. Orain, bestelakoa izan da ebazpena.
“Celestinorengatik ez balitz, ez genuke inoiz egia jakingo”, dio Kontxi bere emazteak, El Diario Vasco-k eginiko erreportajean. Senarrak hala eskatuta, Santanderren –operatu zuten lekuan– gorde zituzten bere birikak, eta orain bi urte aztertu zituzten. Horri esker jakin da egia.
Irungo CAF enpresako langilea zen Celestino Tolosa. 1980an hasi zen osasun arazoekin, baina 1999ra arte lanean jarraitu zuen, biriketako gaixotasun butxatzaile kronikoa diagnostikatu zioten arte. 2006an aldiz, biriketako transplantea egin behar izan zioten Santanderreko Valdecilla ospitalean –trasplante arriskutsu samarra zen, adinagatik besteak beste– . 2008an ebakuntzatik errekuperatu ezinean zebilela, hil egin zen. Zortzi urte beranduago, susmoa besterik ez zena –laneko amiantoagatik hil zela– ikertzen hasi eta itxaropena sortu zitzaien senitartekoei. Otsanda alaba Santanderreko ospitalearekin jarri zen harremanetan, eta haiek “zure aitak eskatu zituen birikak gordetzeko, eta hemen ditugu” esan zioten. Organoak ikertzen hasi eta iazko irailean frogatu zuten: amiantoak eragin zion minbizia.
Donostiako Auzitegian jarri zuten helegitea, baina maiatzera arte ez zen sententziatu. Auzitegiaren aburuz, Santanderreko ospitaleko txosten hark “ez duelako froga gehiago ematen aurreko espezialistek egindako diagnostikoa aldatzeko”. Dena dela, ez zuten amore eman.
Epaia: “Celestino arrazoi profesionalek eraginda hil zen”
EAEko Auzitegi Nagusira jo zuten. Aurreko astean heldu zitzaien albistea: “Celestino arrazoi profesionalek eraginda hil zen”. Hots, auzitegiak egiatzat eta balizkotzat jo zuen Valdecilla ospitaleak eginiko txostena. Eta gaineratu du Gizarte Segurantzak ordaindu beharko dizkiola Kontxiri alargun izatearen kalte-ordainak. CAFek ere isuna izango duela dio ebazpenak, zenbatekoa zehazteke egon arren.