Amets Arzallus: “Boliviakoa gerora ere arrasto handia utzi didan zerbait izan da”

  • 2006ko abuztuan bidali zituen ARGIAk Amets Arzallus bertsolari eta kazetaria eta Txomin Txueka argazkilaria Boliviara. Bertako errealitatea jaso eta euskal gizarteari gerturatzea zen helburua. Proiektu hark oso bide emankorra ekarri du gerora, bai ARGIArentzat –besteak beste, Boliviatik ekarritako materialekin osatu baitziren lehen bideoak eta bidaia kanala, beste ekimen batzuen abiapuntu bihurtu direnak– zein Amets eta Txomin bikotearentzat –bi urte eta erdi geroago 40 hitzaldi inguru eskaini dituzte–. Ametsekin izan gara, Boliviako bidaiaz eta hitzaldiez solas egiteko.


2009ko apirilaren 13an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Boliviako emakumea

Zer suposatu du zuretzat 2006an Boliviara bidaiatu izanak?

Niretzat aukera paregabea izan zen eta aukera horretatik oso esperientzia aberasgarria atera zen. Han haizea alde izan genuen. Pertsona eta leku interesgarriak ezagutu genituen, inoiz pentsatuko ez genuena. Evo Morales izan zen abiapuntua eta kanpora begira eskaparateko pertsona, baina bertan egindako lana hori baino zabalagoa izan zen. Boliviakoa gerora ere arrasto handia utzi didan zerbait izan da. Gauza polita eginaren sentsazioarekin geratu nintzen.

Noiz eta nola sortu zen hitzaldiak egiteko ideia?

Durangon proposatu zidaten, bertako Kafe Antzokitik. Boliviako bidaia bukatuta eta ARGIAn hango lanak eginda genituen. Hala, enkargu batetik muntatu nuen hitzaldiaren gidoia eta ideia. Ondoren lehenengo emanaldi hura beste leku batzuetara eramangarria zela ikusi nuen eta hitzaldi hartatik sortu ziren beste batzuk, kate bat bezala. Nik ez nuen inoiz pentsatuko hori, Boliviara joan nintzenean.

Zer helbururekin antolatzen dituzue hitzaldiak?

Hegoamerika gaur egun munduko sumendi politiko garrantzitsu eta interesgarrienetako bat da eta horren barruan Bolivia da erreferentzia puntu nagusietako bat. Bertan eman den gobernu aldaketak egiten du interesgarri munduari begira. Hango errealitatea gerturatzeko helburuarekin egiten ditugu hitzaldiak; hura urruti geratzen delako eta komunikabide batzuk gerturatu ordez, urrundu egiten dizutelako.

Nolakoak dira?

Konturatu naiz kanpoko bidaien hitzaldi asko osatzen direla argazki bilduma zabal batetik abiatu eta argazki horien komentarioetatik. Gurea pixka bat desberdina da. Moldakorra den gidoi idatzi batetik abiatzen gara. Hitzak aurretik doaz eta argazkiek hori guztia janzten dute. Ikuspegi historiko, politiko eta soziala kontuan izanik aukeratu ditugu argazkiak. Irudi desberdin horiek hartu eta elkarren artean josiz saiatzen gara ematen Bolivia izan daitekeenaren zati txiki bat.

Bertan egindako kontaktuekin harremanetan jarraitzen al duzue?

Harremana mantentzen saiatzen gara, telefonoz edo e-postaz. Batzuekin familia harremana dago eta horiekin errazagoa da kontaktua mantentzea.

Beti egiten dugu ahalegina informatuta egoteko, are gehiago hitzaldi bat eman behar badugu; edozein galderaren aurrean jantzita egoteko eta gure interesekoa ere badelako.

Nolakoa izan da Txomin Txueka bezalako argazkilari batekin lan egitea?

Niretzat oso aberasgarria izan da. Argazkiak beste modu batera ikusten erakutsi dit eta horri daukan garrantzia ematen. Argazkiak egiteko bere modutik gero eta gertuago sentitzen naiz. Elkarrengana moldatu eta gerturatu gara. Niretzat pribilegio handia izan da Txomin bezalako norbait izatea ondoan, batez ere bere begia eta behatza dituena, argazki horiek lortzeko.

Bertsotarako Boliviak inspiratu al zaitu?

Boliviari buruz kantatzea ere tokatu zait. Baina ez bakarrik Boliviari buruz, baizik eta han bizi, ikusi, entzun eta sentitutakoak bertsotarako baliagarri izan dira. Bertsotan, norberak izan dituen esperientzia guztiak, onak zein txarrak, dira baliagarri. Hortik tiratzen duzu, kontzienteki edo inkontzienteki. Nik uste arrasto sakona utzi dizuten esperientziak gehiago ateratzen zaizkizula, eta Boliviakoa horietako bat izan da.

 

Ametsek eta Txominek datozen egunetan emango dituzten ekitaldiak:

  • Apirilak 25 – Markina: Uhagon Kultur Etxean (19:30ean)
  • Maiatzak 21 – Barakaldo: San Bizente Kultur Etxean (20:00etan)
  • Maiatzak 28 – Santurtzi: Kresala aretoan (20:00etan)

Hitzaldiei buruzko informazioa


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bolivia
“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2022-09-06 | ARGIA
Deforestazioaren eraginez Amazoniak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute

Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Aurrekaria Hego Amerikan
Boliviako presidente auto-izendatu zen Añezi hamar urteko espetxe zigorra, estatu kolpea ematea egotzita

Asteburuan aurrekaria ezarri dute Bolivian estatu kolpea ematen saiatzen direnentzat, hamar urteko espetxe zigorra ezarriz Jeanine Añez senatari ohiaren, Williams Kaliman Indar Armatuetako komandante ohiaren eta Yuri Calderon Poliziako komandante ohiaren aurka.


2021-11-09 | Leire Artola Arin
Ketxua hizkuntza biziberritzeko plana osatzen ari dira Bolivian, Garabideren parte hartzearekin

Bolivian izan dira Garabide elkarteko hiru kide, plan estrategikoa prestatzeko lehen saioetan, eta euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dizkiete ketxua komunitateko kideei.


Eguneraketa berriak daude