argia.eus
INPRIMATU
Ameriketako herri indigenetako ordezkariak ARGIAn izan dira

2008ko urriaren 30
Ameriketako herri indigenetako ordezkariak ARGIAn

Mondragon Unibertsitateak Hego Amerikako hainbat komunitatetako ordezkariak gonbidatu ditu euskalgintzaren esperientzia bertatik bertara ezagutu dezaten. Urriaren 13az geroztik Euskal Herriko bazter batetik bestera dabiltza eta atzo goizean ARGIAren Lasarte-Oriako egoitzan izan ziren. ARGIAren esperientziaren berri jaso zuten Xabier Letona zuzendariaren eta Pello Zubiria zuzendariaren albokoaren eskutik. Mondragon Unibertsitateak Garabide Elkartearen bidez, garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratu nahi du, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta.

 

Argazkian ageri dira Lasarte-Orian izan ziren Hego Amerikako zortzi lagunak, Xabier Letonarekin eta Urko Kolomo Garabideko kidearekin batera: Bernardo Chango eta Maria Juana Farinango kitxuak (Ekuador); Celestina Carilao maputxea (Txile), Catarina Pedro eta Julio Garcia Par maiak (Guatemala), Pedro Ernesto Escurra guarania (Paraguai) eta Leonel Cerruto eta Sandra Ines Caceres kitxuak (Bolivia).

 

Datorren asteko ARGIA aldizkarian (2158. zenbakia) Pedro Cayuqueo Azkintuwe agerkari maputxeko zuzendariari (ez zen Lasarten izan, ordurako Euskal Herritik alde egina baitzen) egindako elkarrizketa irakurri ahal izango duzue eta hurrengo asteetan Leonel Cerruto eta Maria Juana Farinangori egindakoak.