Sentitzen dut, geroz eta pazientzia gutxiago dut AEBen bandera haizatzeaz haragoko helbururik ikusten ez dieten filmekin. Historia haien begietatik, haien heroi kaparekin kontatu dute berriz. Beste amerikanada bat ikusi dugu, western moderno bat. Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023) ikusi zenuten? Erreferentzia berri eta ezagun samarra emateagatik... Ba, ildo beretik doa.
Nuremberg. Tituluak esaten du zertaz doan filma: naziak epaituko dituzte Alemaniako hiri horretan, eta, AEBetako ekoizpena denez, eta Russell Crowe, Rami Malek eta Michael Shannon lantaldean ikusita, tartean diru asko dagoela alegia, ez da igarlea izan behar jakiteko nortzuk izango diren mundu honetako zintzoak.
Mundu mailan lehenbiziko aldiz, potentzietako juristen talde batek Bigarren Mundu Gerra ostean atxilo hartu ahal izan zituzten goi kargudun naziak epaitu zituen Nurenbergen. Tartean, Hermann Göring komandantea, Adolf Hitlerren eskuin eskua. Russell Crowek gorpuztu du nazia. Pelikulako protagonista, nola ez bada, psikiatra intelektual estatubatuar bat da, Douglas Kelley (Rami Malek), preso nazien osasun mentala ebaluatzeko kontratatuko dutena. Bai, oso argia da tipoa, hasieratik erakutsiko den moduan. Eta oso argia da Göring ere. Psikiatraren asmo ezkutua da Göringek epaiketako diskurtsoa aurrez jakitea, jurista estatubatuarrari (Michael Shannon) helarazi eta epaiketa kontrolpean izateko.
Solasaldi ugari izango dituzte psikiatrak eta preso naziak. Baina lasai: ez da hitz asperturik egongo. Estatubatuarrak dira eta ekoizpen handia da hau. Elkarrizketa guztietan dago "tentsioa", publikoa ez aspertzeko adina, eta aldi berean "solasaldi argitsu" itxura hartzeko beste. Tira, solasaldi benetan argitsuak nahi dituenak ikus dezala Paolo Sorrentinoren berria, La Grazia, Zinemaldi honetako Perlak sailean eman dutena.
Baditu bi ezaugarri klasiko gehiago, gutxienez aipatu nahi ditudanak. Bata, hemen ere badagoela aurrez aurreko bat: Göring vs estatubatuar jurista. Badakizue, juizioan diskurtsoa oso ongi artikulatu beharko du, Göring gaiztoa eta oso-oso inteligentea delako. Eztabaida "irabaziz" gero, zigor handiagoa preso nazientzat. Hori da helburua, kito. Eztabaida horri begirakoa da film osoa.
Eta biga, bigarren puntua: badago eszena bat badirudiena AEBekiko kritiko izan nahi zutela gidoigileek, baina azala baino ez da. Juizioko lehen egunaren ostean gertatzen da. Auzi salan bideo bat proiektatzen dute, naziek kontzentrazio-esparruetan eginiko sarraskiak erakusten dituena, eta horren ostean Kelley psikiatrak izugarrizko errieta egiten dio Göringi, bere onetik aterata, agindu zituenak agindu zituelako. Naziak erantzun egiten dio AEBek Japoniako Nagasakin eta Hiroshiman jaurtitako bonba nuklearrak oroitarazita. Hara. Ba beno, gutxi behar du estatubatuarrak ñabardura egiteko eta esateko AEBek "defentsarako zuten aukera bakarra" zela eraso horri ekitea. Tematzen da gaiarekin nazia, baina ez doa urrutira gaia. Horrekin esan nahi dudana da oso argi geratzen dela naziek sekulakoak egin zituztela kontzentrazio esparruetan, eta AEBena, berriz, soilik izango da horrela ikusleak historia ezagutu eta begirada kritikoa badu. Niretzat, eszena hori, kriminala izan da.