argia.eus
INPRIMATU
Asteasuko Mecanocaucho enpresak harremanak eten ditu Israelgo arma fabrikarik handienarekin
  • Elbit Systems enpresa Israelgo arma fabrika handiena eta armadaren hornitzaile handienetakoa da. Mecanocauchoren erabakia “elkartasun internazionalistaren garaipena” dela iritzi dio BDZk.

Maria Ortega Zubiate 2025eko urriaren 10
BDZren mainfestazioa, Bilbon. BDZ Bizkaia

Asteasuko (Gipuzkoa) AMC Mecanocaucho enpresak harreman guztiak eten ditu Israelgo arma fabrika nagusiarekin, Elbist Systemsekin. Arma fabrika hori, Israelgo handiena izateaz gain, Israelgo armadaren hornitzaile handienetakoa da: BDZ mugimenduak kaleratutakoaren arabera, armadak erabiltzen dituen armen %80 inguru ekoizten du. BDZ mugimenduak begi onez ikusi du erabakia, eta gogorarazi du gizarte presioak “eragina” duela. Enpresa horren izena ageri da Espainiako Gobernuak agindutako arma enbargoko zerrendetan.

Irailean egin zen publiko albistea, The Ditch Irlandako egunkariak kaleratuta: AMC Mecanocaucho enpresak 485 kiloko merkantzia bidali zion aipatutako enpresaren Alemaniako egoitzari, eta merkantzia horrek Israelen bukatu zuen, Elbit Systemsen gerra elektronikoko instalazioan. Merkantzian bibrazioen aurkako euskarriak zihoazen, eta material hori autoen motorretan erabiltzen da normalean. Asteasuko enpresak erantzuna kaleratu zuen: aipatu bidalketa gauzatu zen momentuan, ez zegoen enbargorik indarrean. Are, Espainiako Gobernuak ezarritako arma enbargoaren ondoren, Israelera bidalketa bakarra ere egingo ez dutela gehitu du enpresak.

Gerora zenbait komunikabidetan egin dituen adierazpenetan, AMC Mecanocauchok adierazi du ez zekiela Elbit Systems enpresa “sektore militarrekoa” zela, eta berretsi du enpresak harremana Alemaniako instalazioekin zuela: beren merkatua Europako Batasunean eta Espainiako Estatuan dagoela. Dena den, gertatutakoaren ondoren jakinarazi du ez dutela bidalketarik Israelerako, guztiak “blokeatu” dituztela.

Erakundeek industria militarra babestearen aurka

Eusko Jaurlaritzak enpresa militarrei ematen dien babesa salatu dute Bilbon ostegun goizean. Kakitzat koordinadora antimilitaristak deituta, salatu dute Jaurlaritzak 100 milioi euroko dirulaguntzak bideratzen dituela enpresa horietara, Israeli armak saltzen dizkieten enpresa horietara. Azaldu dutenez, EAEko 206 enpresak egiten dute lan sektore militarrean: urtean 6.000 milioi euroko irabaziak dituztenak.

Kontzentrazioa Bilboko Carlton hotel parean izan da, hain zuzen ere, Geopolitika eta bere eragina euskal industrian enpresa arteko topaketekin bat egin du. Bertan izan da SAPA enpresa, eta, hain zuzen ere, bere parte hartzeak hauspotu du mobilizazioa: gogorarazi dute enpresa horrek Israelgo armadarekin “negozio milioidunak” egiteaz gain, Indra enpresa militarrean 200 milioi inbertitu dituela, “gerraren negozioak hazten jarraitzeko”.

Horiez gain, mobilizazioan gogoan izan dituzte “gerra testuinguruan armak saltzetik aberasten” ari diren beste zenbait enpresa: Ecia Xemein, Markina-Xemeinen; ITP Aero, Barakaldon eta Sestaon, edo Sener, Getxon (Bizkaia).