Apirilaren 14ko epaia berretsi du Versailleseko Dei Auzitegiak. Arrisku sanitarioen neurtzea eta babes-neurrien errespetatzea eskatzen zaio Amazon France enpresari. Epaia errespetatu ezean, 100.000 euroko isuna pagatu beharko du egun eta epaiaren urratze oro.
Borrokari esker lorturiko garaipentzat jo du epaia Attac elkarteak. Langileen eskubideen eta osasunaren alde mobilizaturik direnentzako berri ona da Versailleseko Dei Auzitegiaren erabakia: Amazon France enpresak “salgaia premiatsuei” mugatu beharko du bere salmenta. Horrez gain, arrisku sanitarioen neurketa egitea ere eskatu dio epaileak. 48 orduko epea du neurketa egiteko, hori ez bada horrela, 100.000 euroko isuna pagatu beharko du egun eta epaiaren urratze oro.
Hain zuzen, neurketa hori ez zuelako egiten zuen Nanterreko auzitegiak salgaia premiatsuen salmenta bakarrik baimendu apirilaren 14ean – elikagaiak, produktu higienikoak eta medikalak–. Ondokoa irakur daiteke apirilaren 14ko epaian: “Amazon France Logistique sozietateak argiki zangopilatu du langileen osasunaren segurtasuna eta prebentzioa ziurtatzeko duen betekizuna; argiki bidegabekoa den arazo bat da hori”.
Aldi honetan ordea, baimenduriko salgaia premiatsuen zerrenda luzatu du auzitegiak: elikagai eta produktu higieniko eta medikalez gain, "high-tech", "informatika", "bulegoa", "abereentzako salgaiak", "gorputzaren arta eta osasuna", "gizona", "nutrizioa", "parafarmazia", "epizeria", "edariak" eta "mantenua" arloko salmentak ere bideratzen ahalko dituzte. Badirudi defentsaren ahotsa kontutan hartua izan dela, "salagaia premiatsuaren" definitzea ezinezkoa dela azaltzen egon delako Amazonen abokatua.
Frantzian dituen sei biltegien hestea erabaki zuen zuzendaritzak, lehen epaiaren biharamunean.
Arlo batzuen alde premiatsua galdagarria bada ere, poztu dira sindikatuak eta justizia sozialaren aldeko elkarteak. Sud Solidaires, CGT, CFDT eta FO sindikatuek jo zuten multinazionalaren aurka. “Mundu zaharraren sinonimo da Amazon; ekologikoki, fiskalki eta sozialki jasangaitza den eredua dugu Amazon. Pozik hartu dugu Frantziako Justiziak langileen osasuna lehenetsi izana, ez eta Amazonen etekinak”, Attac-en agirian irakurri daitekeenaz. Arrisku sanitarioen neurketa hurbiletik jarraituko duela argi utzi du elkarteak.