argia.eus
INPRIMATU
Amaiur koalizioak kezka agertu du, Kongresuan “entzuketa ilegalak” jasan dituelakoan
  • Amaiurreko kideek Espainiako Kongresuko bulegoan elkarri kontatutakoak El Mundo egunkariak plazaratu zituen geroago, Gara egunkariak jakinarazi duenez. Koalizioak uste du "entzuketa ilegalak" jasan dituztela, eta zein neurri hartu erabakiko dute orain.

ARGIA @argia 2012ko abenduaren 27a
Irailaren 25ean 'Kongresua inguratu' lelopean egindako mobilizazioen testuinguruan kokatu behar dira Amaiurrek salatutako entzuketak.

Kongresua inguratu ekimenaren harira gertatu dira Amaiurrek salatutakoak. Urriaren 29an hasi zen guztia, El Mundok argitaratu zuenean Amaiurreko idazkari batek informazioa eman ziela protesta-ekimen hura deitu zuten kolektiboei: parlamentariak zein atetik sartzen ziren, ordutegiak... Albisteak oihartzun handirik izan ez zuenez, Amaiurreko ordezkariek ezer ez egitea erabaki zuten.

Garak dioenez, urriaren 29an bertan El Mundok plazaratutako albisteaz hitz egin zuten parlamentari batzuek Amaiurren bulegoan. Hainbat alderditako kideak zeuden han, ez soilik Amaiurrekoak.

Pasa den ostiralean, hilak 21, El Mundok auziari buruzko beste artikulu bat argitaratu zuen, La asesora de Amaiur en las Cortes, topo del 25-S, tiene un novio etarra izenburupean. Garak dioen moduan, Amaiurreko aholkulariaren eta ETAko kidearen arteko lotura aurkitzeko nahikoa da espetxe-instituzioen artxiboak arakatzea. Aldiz, Jon Iñarritu diputatuak salatu duen moduan, El Mundoren artikuluak aditzera ematen du norbaitek entzun egin zituela Amaiurren bulegoan esandakoak, eta El Mundori kontatu zizkiola gero. Izan zitekeen han zeuden parlamentarietako bat, baina ezinezkoa dela dio Iñarrituk, egunkariak jasotako hitzak testuinguru konkretu batean eman zirelako (parlamentariek, txantxa artean,  argazki bat erakusten zioten elkarri). Alegia, norbait horrek bulegoan esandakoak entzun zituela, baina ikusi ez.