argia.eus
INPRIMATU
Amaia Egañaren heriotzaren hamargarren urteurrenean, Barakaldon beren etxeetatik 2.000 pertsona baino gehiago bota dituztela salatu dute
  • Duela hamar urte Amaia Egaña barakaldarrak bere buruaz beste egin zuen Caixabanken aginduz etxetik bota behar zuten egunean. Ordutik, 2.027 familia gehiago behartu dituzte etxea uztera. Hainbat eragilek urteurrena baliatu dute alokairu sozialeko etxebizitza gehiago eta laguntza ekonomikoak exijitzeko.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 09a
Amaia Egaña suizidatu zenetik hamar urtetara, etxegabetzeek ez dute etenik izan.

2012ko azaroaren 9an Barakaldoko Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuen Caixabanken aginduz etxetik bota behar zuten egunean. Hamar urte hauetan 2.027 etxegabetze gehiago behartu dituzte, heriotzaren urteurrenean eragileek salatu dutenez. Gehitu dute zerbitzu sozialek ez dutela egoera zaurgarri horietarako berehalako irtenbiderik ematen, nahiz eta horretara behartuta egon.

Egaña omentzea bezain beharrezkoa izan da asteazken honetan hura hil zuen egiturazko arazoa salatzea.  Barakaldoko Justizia Jauregiaren parean bildu dira, hain zuzen, honako eragileen deialdiari jarraiki: Argitan Emakumeentzako Aholku Etxea, Berri-Otxoak gizarte bazterkeriaren aurkako plataforma, eta ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT eta CNT sindikatuak.

Hamar urte hauetan 2.027 etxegabetze eman dira, eta horietatik %87 alokairuko etxeetatik. Batez beste, astean lau familia dira halako egoera bat pairatzen dutenak, azaldu dute Naizek jaso duenez.

Egañaren heriotzaren ostean, 2013an, protokolo bat adostu zuten Eusko Jaurlaritzak, Eudel udalerrien elkarteak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, eta haren arabera, zerbitzu sozialek berehalako irtenbidea eskaini behar diete etxegabetzeen biktimei: gela edo egoitza bat. Eragileek salatu dute, ordea, administrazio publikoa ez dela protokoloa betetzen ari. Egun, Barakaldon 100 biztanle bizi dira kale gorrian, Berri-Otxoak taldeak jakinarazi duenez.

Egoera horren aurrean, instituzioei exijitu diete lehenik eta behin protokoloan agindutakoa betetzeko, eta alokairu sozialeko udal etxebizitzak bermatzeko etxegabetzeen biktima den orori. Barakaldoko Udalari ere zuzendu zaizkie zerbitzu sozialetan murrizketak eteteko exijitzeko, eta herritarrei bideratutako laguntza ekonomikoak handitzeko. Pobreziaren aurkako plataforma beraren arabera, barakaldotarren %10,1 pobrezia egoeran bizi dira.