argia.eus
INPRIMATU
Hamabi urteko etxeko atxiloaldia ezarri diote Álvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiari, iruzurra eta eroskeriagatik
  • Auzitegi Gorena 2018an hasi zen ikertzen 2002 eta 2010 artean Kolonbiako presidente izan zena, hainbat paramilitarri ordainketak egiteagatik. 2020an 67 eguneko etxeko atxiloaldia bete zuen auzi berarengatik, eta orain Bogotako Auzitegi Nagusiak ebatziko du Kolonbiako lehen instantziako epaitegi batek emandako emaia berretsi ala ez. Iván Duque eta Andrés Pastrana presidente ohiek eta Uriberen alderdikideek babesa adierazi diote sare sozialetan. 

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 29a
Álvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia (2002-2010), 2024ko apirilean Bogotan eskainitako prentsaurreko batean. Luisa González / Reuters

Kolonbiako presidente izandakoen artean espetxe zigor batengatik errudun jo duten lehena bihurtu da Uribe, 2012an abiatu zen auzi batengatik. 2020an 67 eguneko etxeko atxiloaldia bete zuen auzi horrengatik, ondoren aske utzi bazuten ere; prozesu iruzurragatik eta lekukoen eroskeriagatik errudun jo dute eta hamabi urteko espetxe zigor bat etxeko atxiloaldian bete beharko ditu. Presidente ohiaren aurkako sententzia Kolonbiako lehen instantziako epaitegi batek ebatzi du, eta orain Bogotako Auzitegi Nagusiak erabaki beharko du epai hori berretsi ala ez.

Hain zuzen, 2012an Uriberen lursail bateko langile ohi batek presidente ohiari eta anaiari Bloque Metro talde paramilitarreko sortzaile izatea leporatu zien. Garai horretan senataria zen Ivan Cepeda ezkertiarra ere Uriberen aurkako salaketa bat prestatzen ari zen, presidente ohiak paramilitarrekin zuen harremana agerian uzteko. Uribek Auzitegi Gorenaren aurrean txosten bat aurkeztu zuen, ikertzaile pribatu batek egina, Cepedak haren aurka deklaratzeko lekukoei diru eskaintzak egin zizkiela erakusteko. Sei urtez kasua ikertu ostean, ordea, 2018an Auzitegi Gorenak Cepedaren aurkako akusazioak alboratu eta Uribe ikertzen hasi zen, haren aurkako salaketan lekukoen eroskeriagatik. 

Fiskaltzaren arabera, Diego Cadena abokatuaren bidez espetxean zeuden hainbat paramilitarri ordainketak egin zizkien presidente ohiak, haren aurka ez deklaratzeko eta paramilitarrekin zituen harremanak agerian ez uzteko. Esaterako, Cadenak eta Juan Jose Salazar bazkideak Carlos Enrique Velez eta Juan Guillermo Monsalve paramilitar ohiei aholkularitza juridikoa eta 200 milioi peso inguru eskaini zizkien, 50.000 dolar baino gehixeago, Uriberen alde eta Cepedaren aurka Auzitegi Goreneko prozesuan deklaratzearen truke. 

Erreakzioak sententziari

Sententzia jakin eta berehala, Uriberen defentsak jakinarazi du helegitea aurkeztuko duela Bogotako Auzitegi Gorenaren aurrean eta "beharrezkoa" izanez gero, baita Kolonbiako Justizia Gorte Gorenaren aurrean ere. Gustavo Petro egungo Kolonbiako presidenteak Uriberen aurkako epaia errespetatzea eskatu du sare sozialen bidez, eta adierazi du haren gobernuak ez duela inor jazartzen "arrazoi politikoengatik": "Uribe presidente ohiaren jarraitzailea izan ala ez, justizia  errespetatu behar dute. Gainontzekoa basakeria da". 

Iván Duque (2018-2022) eta Andrés Pastrana (1998-2002) presidente ohiek eta Uriberen alderdikideek –Centro Democrático eskuineko alderdian–, berriz, babesa adierazi diote. Duquek sare sozialetan salatu du Uriberen aurkako prozesua "irregulartasunez" beterikoa izan dela: "Álvaro Uribe Vélez ez dago bakarrik. Milioika gara prozesu honetan bere errugabetasuna frogatutzat ikusi dugun kolonbiarrak".