Hauteskundeei begira zintak moztea errentagarria dela, baina "Espainian dagoeneko ez da behar abiadura handiko trenbide gehiago, ez aireportu edo portu gehiago”, dio Alvaro Nadal Espainiako Gobernuko ordezkariak.
Nadal Espainiako Gobernuko lehendakariaren Ekonomia Bulegoko zuzendaria da eta asteartean Madrilgo Bide Ingeniarien Eskolan emandako hitzaldi batean adierazitakoa da aipatutakoa. Nadalen esanetan, jadanik abian diren lanak amaitzen eta dauden azpiegituren mantenu lanetan jarriko du bere indarra Espainiako Gobernuak.
Espainiako eraikuntza handien patronala biltzen duen Seopan elkarteak azpiegitura handiak egiteko 66.000 milioi euroko plana aurkeztu zuen martxoan. Honen bidez milioi bat lanpostu sortuko ei lirateke eta berau ekimen pribatua eta publikoaren artean finantzatuko litzateke. Kexu da Seopan, bere hitzetan Espainiako gobernuak 2010etik azpiegituren aurrekontuak %40an jaitsi dituelako eta 2016ko aurrekontuetan ere %2,7ko jaitsiera dagoelako azpiegituren esparruan.
Espainiak, ordea, eskarmentu handia du azpiegitura handiek ekarritako galera erraldoiekin eta diru gutxiago ari da bideratzen hauetara. Nadalen esanetan, adibidez, AHTren “kostua oso handia da” eta bere buruari galdetu zion ea zenbat denbora beharko den hau finantzatzeko, “hori ez delako 20 urtetan egiten”.
Fedea eta Kanariar Irletako Unibertsitateko aurtengo ikerketa baten arabera, mende erdi beharko litzateke AHTn egindako gastuak amortizatzeko, besteak beste, bidaiaren egungo eskaria aurreikusitakoaren erdira ere iristen ez delako. Horrez gain, Espainiako Kontuen Ganberaren datuak argiak dira: oraindik 28.000 milioi euro inbertitu behar dira aurreikusitako AHT sarea amaitzeko, eta horrek ekarriko duen zorpetzeak Adif beraren bideragarritasuna zalantzan jarriko luke.