Koldo Izagirrek hitzak eta David Azurzak musika. Gure etxean sartu den lehen opera, belarriak zabaltzeko luxuzkoa. Dena gustu finez egina. Altzoko Haundiaren bizimodua bera abenturaz josia dago, eta Izagirrek bizimodu haren gogorra zorrotz azaltzen digu, umore gazi-gozoz eta beti xamurtasunez.
Musika hau gure etxean berria da, baina behin eta berriz entzun eta barneratzeko jakinmina pizten duena. Pertsonaien ahotsak biribil karakterizatuta daude, eta istorioa primeran jarraitzen da.
Aukera ederra dugu diskoa eskuratu eta entzunaren entzunaz 2016rako opera xehetzeko. Urte horretan Donostia Kultur Hiriburu izan behar horretan, txotxongilo eta guzti taularatuko dute opera. Altzoko Haundiaren umiltasuna eta herri txikien harrotasuna, Kultur Hiriburuan ikus-entzungai.