argia.eus
INPRIMATU
Altxorraren bila joan eta guztion ondarea suntsitu

Imanol Satrustegi Andrés 2023ko ekainaren 21a
Estratifikazio kasu argi bat Atenasko indusketa batean. (Argazkia: Giovanni Dall'OGiovanni Dall'Ortorto. Wikimedia)

Agian mendietan edo landa-guneetan ikusiko zenituzten; metala detektatzeko makinekin ibiltzen dira lurrazpiko aztarnak bilatzen. Detektoristak edo piteroak dira, altxorraren bila jolastea hartu dute afizio. Detektorismoa moda-modan jarri da eta horrelakoei buruz jarduten duten youtuberrak eta telebista-serieak ere badira. Jarduera hori ondarearentzat eta arkeologiarentzat oso suntsigarria da eta kalte konponezina egiten ari dira toki askotan.

Arkeologia iraganeko gizarteen kultura materiala aztertzen duen diziplina da eta horretarako metodologia zorrotz eta zientifikoa erabiltzen du. Metodo arkeologikoak erreparatzen die unitate estratigrafikoen arteko erlazioei eta horietako bakoitzean aurkitutako objektuen testuinguruari. Objektu arkeologikoek informazio gehien ematen digute beren jatorrizko testuinguruan badaude. Hau da, testuinguru egokia daukan zaborrak informazio gehiago ematen digu iraganeko gizarteez, testuingururik gabeko harribitxi politenak baino. Metodologia hori, lurrazpian ez ezik, eraikinetan, paisaian, zabortegietan edo bestelakotan ere aplika daiteke.

Imajina dezagun lurrazpiko aztarnategia tarta baten geruzen modukoa dela. Unitate estratigrafiko zaharrena beheko partean legoke (txokolatezko geruza), tartekoa erdian (marrubizkoa), eta berriena edo modernoena gainazaletik gertuen (esnegaina). Arkeologoek goiko geruzatik hasita behekora industen dute (lehendabizi esnegaina, gero marrubizkoa eta azkenik txokolatea), geruza horretan dauden objektu eta erlazio guztiak xehe-xehe aztertzeko. Pitero batek, aldiz, bere tramankuluaren bidez, azken geruzako objektu metaliko ñimiño bat detektatuko balu eta hura ateratzeko zuloa eginen balu, testuinguru hori guzia deseginen litzateke eta horien arteko erlazio estratigrafikoak erabat nahasiko. Hau da, zapore guziak nahasiko lirateke eta ondorioz, lor zitekeen informazio guztia betirako galduko litzateke. Hori gutxi balitz, aurkitzen dituzten objektuek sarri bilduma pribatuetan bukatzen dute, merkatu beltzaren bidez. 

Azkenaldian detektorismoaren kalteak mugatzeko legeak zorroztu dituzte eta neurriak hartzen hasi dira. Alabaina, kasu batzuetan beranduegi da eta askotan zigorrak ez dira eraginkorrak izaten ari, salaketa jarri arren.

Aurten aurkikuntza batek txunditurik utzi du euskaldungoa. Irulegiko Eskuak ilusioa ekarri digu eta kasik sinbolo nazionala bilakatu zaigu dagoeneko. Bada, pitero malapartatu bat Irulegiko tontorretik pasa izan balitz Mattin Aiestaranen taldea baino lehenago, ez genuke ezagutuko gure iragana eta gure historia argitu ditzakeen pieza eder hori. Ez erosi metal detektagailurik, ez zaitezte piteroak izan.


Unitate estratigrafiko (geruza arkeologiko) ezberdinen arteko erlazioak adierazten dituen eskema. M.K.H.Eggert (Wikimedia Commons)