Alegiako gaztetxeak 30 urte

"Altxorrak" zutik iraun dezan

  • Orain 30 urte jarri zuten martxan Alegiako gaztetxea, eta bizirik jarraitzen du egun; urteurrenaren leloak dioen moduan: Zutik, bizirik eta bibalabirjen!.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria
2017ko abenduaren 15a
Alegiako udaletxea okupatutu zuten 1996an, gaztetxea ez botatzeko mobilizazioen barruan.

Alex Goikoetxea gaztetxeko kideak gogora ekarri du 1987an Alegiako tren geltokiko biltegia okupatu zutenean zegoen giroa: “Gazte mugimendu handia zegoen; trantsizio garaiko urte horien bukaera zen, musikaren egoera berezia zen… Eurek nahi zituzten ekintzak egiteko Alegian bertan leku alternatibo bat behar zutela nabaritu zuten herriko gazteek”. Goikoetxeak ez zituen bizi izan urte haiek, baina, gaztetxea martxan jarri zutenen ahotik, hainbatetan izan du horien berri.

Ziklox Garaialde musika taldea osatu zuten Alegiako Gazte Asanbladan zebiltzan gazte batzuek, eta gaur egun Bulebarra deritzon inguruetan zegoen hiltegi zaharra okupatu zuten entseguetarako. Hori izan zen lehen txinparta. “Gazteekin hitz egin gabe, udalak segituan bota zuen hiltegia, beste proiektu bat martxan jartzeko; horrek erreakzioa sortu zuen gazteen artean, eta tren geltokian zegoen biltegi zahar bat okupatu zuten”, azaldu du Goikoetxeak. Bertan daude ordutik.

Kontzertuek garrantzi handia izan zuten Alegiako gaztetxearen lehen urteetan, eta horretan zerikusia izan zuen garai hartan musikak zuen berezitasunak: “Orduan ez ziren existitzen gaur egun egiten diren musika jaialdi handi horiek. Sortu berri ziren taldeek, beraz, gaztetxeak-eta baliatzen zituzten kontzertuak emateko”. Gaztetxeen zirkuituan sartu zen Alegiakoa ere eta hainbat talde igaro ziren bertatik: Madarikatuak, BAP, Anestesia, Su Ta Gar, Kortatu…

Kortatu taldearen kontzertua Alegiako gaztetxean, 1988an.

Udalarekin tirabirak izan zituzten hasierako urteetan. Hain justu, 1996an udalak akordioa egin zuen Renferekin aparkaleku berri bat egiteko, eta gaztetxea botatzeko asmoa zegoen proiektua gauzatzeko. “Baina hainbeste urtean autogestioan aritu ondoren eta horrelako leku bat izanik, euren proiektuak etorkizuna zuela eta aurrera jarraitu beharra zeukatela ikusi zuten gazteek”. Goikoetxeak gogoratu du mobilizazioak izan zirela urte haietan, eta, besteak beste, astebetez udaletxea okupatu zutela. “Orduan ikusi zen Alegiako Gazte Asanbladak zenbateko indarra zuen. Eskualdetik ere jaso zuten babesa, eta, azkenean, zutik jarraitu zuen gaztetxeak”.

Herriko festetan antolatzen duen egitarauagatik ere bada ezaguna Alegiako gaztetxea. Hasiera batean, Festa alternatiboak izenarekin antolatu zituzten jaiak, udalak antolatzen zituenei aurre eginez eta autogestioa bultzatu asmoz. Egun, ordea, harreman ona dute udalarekin, eta Bibalabirjen izena du gaztetxeak antolatzen duen jaiak; festetako batzordeak antolatzen duen egitarau ofizialaren osagarri izaten da beti. Ekitaldi bateratuak ere izaten dituzte; zubiko Zahagiardoa, esaterako. “Udalaren laguntza jasotzen dugu festak antolatzeko, eta eskertzekoa da”, adierazi du Goikoetxeak, eta gogora ekarri du “oso giro berezia” izaten dela Zahagiardoan.

 

Alegiako Gaztetxea, gaur egun.

Autogestioaren garrantzia

Gaztetxea ez dela enpresa bat eta ez duela sarrera ekonomiko finkorik nabarmendu du Goikoetxeak: “Leku alternatibo bat da, jende gaztea eta ez hain gaztea nahi duen ekimenak garatzera, jendearekin sozializatzera, eta pentsaerak elkarbanatzera joan daitekeena; eta horrek, noski, autogestioarekin lotzen zaitu”. Gaztetxean egonda eta ekimenetan parte hartuta, bertako kide sentitzeko aukera izaten dela gaineratu du Goikoetxeak, eta horrek espazioaren kudeaketan eta autogestioan parte hartzera bultzatzen duela: “Zerbait gaizki dagoela ikusten baduzu, hori konpontzeko edo bideratzeko beharra sentitzen duzu. Behar horri segika, norbera saiatzen da arazoari irtenbidea ematen kanpoko baliabideren bati heldu aurretik”.

Hasierako urteekin alderatuta, aldatu egin da giro politikoa eta soziala. “Gaztetxea okupatu zuten unean gazteek bazekiten zein zen helburua, zeren kontra zeuden, eta zer egin nahi zuten”. Goikoetxearen ustez, gaur egun bere horretan jarraitzen du helburu horrek. “Baina kanpo faktore gehiago daude, eta, esaterako, aisialdirako modu ezberdin asko daude. Gaur egun, bertara joaten diren gazteentzat egokitutako gunea da gaztetxea”.

Eraikinak berak ere izan ditu aldaketak. Kanpotik, hainbat kolore izan ditu, eta gorriz margotuta dago egun. Agertoki handi bat du barruan, eta bigarren solairua eraiki dute azken urteotan; hori izan da aldaketa nabarmenena. Ate berezi bat ere badago, hasierako urteetatik gaur egunera arteko pegatinaz betetakoa; gaztetxera joan izan diren musika taldeenak dira horietako asko.

Gaur egun, ostegunetan elkartu ohi dira gaztetxeko kideak, ekimenak antolatu behar dituztenean, batez ere. “Denen iritziak kontuan hartzen ditugu erabakiak hartzean”, azaldu du Goikoetxeak. Bestalde, musika jotzeko elkartu ohi dira bertan, eta bertsotan aritzeko talde bat ere badago. Gaztetxean parte hartzeko ateak irekita daudela nabarmendu du alegiarrak, eta, zentzu horretan, azken urteotan Gazte Eguna antolatzen hasi dira belaunaldi berriek pausoa eman dezaten bidea errazteko. “Ikusten genuen kostatu egiten zela gazte berriak etortzea. Gazte Egunarekin protagonismoa ematen zaie sartu berri diren gazte horiei edo sartzeko pausoa eman nahi dutenei”. Arrakasta izaten ari da ekimen hori. “Eta mantendu beharreko ohitura da”.

Urtero-urtero ospakizuna izaten dute abenduan, eta aurten ekitaldi ugari egin dute dagoeneko. “Uste dut inoiz baino jende gehiago dabilela gaztetxean, bai ekintzak egiten direnean, eta baita antolatzerakoan ere”, adierazi du Goikoetxeak. Hain justu, bihar izango dute urteurreneko egun nagusia, eta egitarau zabala daukate prest. Besteak beste, ohiko babarrun jatea izango dute gaztetxean, eta musikak bere tartea izango du gauean; EtsaiakEroak –disko berria aurkeztuko dute– eta Nomadak taldeen kontzertuak izango dira.

Ez daude leku berean 30 urte iraun duten hainbeste gaztetxe, eta horietako bat da Alegiakoa. “Zer pentsatua ematen du gaur egungo gaztetxea hainbeste jenderen ekimenari esker daukagula ikusteak. Gaur egun lanean ari garenon eta atzetik datozen gazteagoen esku dago etorkizuna, eta aurrera segitzeko asmoa dugu, altxorra baita herrian horrelako leku bat izatea”.

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Okupazioa  |  Alegia

Okupazioa kanaletik interesatuko zaizu...
2018-07-16 | Topatu.eus
Errekaleor margotzeko auzolanera deitu dute uztailaren 23tik abuztuaren 3ra

Auzolanean parte hartzen dutenek Errekaleorren gosaldu, bazkaldu eta afaltzeko aukera edukiko dute, baita auzoan lo egitekoa ere, espazio komun zein kanpin dendetan. Izena emateko auzolanaerrekaleor@riseup.net helbidera idazteko eskatu dute.


2018-07-06 | ARGIA
Ertzaintzak lagun bat atxilotu du Donostiako Alde Zaharreko gazte lokala hustu ostean

Ostiral goizean ertzainez lagundutako udaltzainek Donostiako Alde Zaharreko gazte lokal berria hustu eta itxi dute. Joan den larunbatean okupatu zuten Aldamar kalean, urte luzez hutsik izan den bideokluba. ARGIAri bertako iturriek jakinarazi diotenez, udaltzainek ez dute agindu judizialik eta legez kanpoko desalojoaren aukera indarra hartzen ari da.


Okupazio berria Donostiako Alde Zaharrean
"Okupazio eta autogestioaren sokak ez du etenik"

Auzoarentzako lokal bilakatu nahi dute. Azkenaldian okupazio saiakera gehiago egin dira.


2018-07-02 | Nahia Ibarzabal
Aman Komunak sareak deialdia egin du udan ZADera joateko

Udan ZADen egingo den auzolanean eta nazioarteko topaketetan nahi duen orok parte hartu dezake. Izen ematea zabalik dago.


2018-06-26 | ARGIA
Madrilgo La Pluma zentro sozial transfeminista hustu dute Desokupa enpresako hogei bat gizonek

Ordena judizialik barik eta indarkeriaz atera dituzte eraikinean zirenak, El Saltok informatu duenez.


2018-06-26 | Ahotsa.info
Lizarrako Gazte Asanbladak eraikin bat okupatu du

Urte luzeetan zehar Lizarrako Pinupe Gaztetxea gazte mugimenduaren erreferente bat izan eta gero, Lizarrako Gazte Asanbladak okupazio berri bat gauzatzea erabaki du eta Lizarrako erdialdean kokaturik dagoen eraikin publiko batean sartu dira autogestio proiektu bat martxan jartzeko asmoarekin.


2018-06-25 | ARGIA
Errekaleorreko hamazazpi mural erraldoiak

Gasteizko Errekaleor auzoan dauden mural erraldoien argazkiak.


Errepresioaren dimentsio neurtezinak

Notre-Dame-des-Landesko ZADen, jendarmeen eta ekintzaileen arteko istiluetan, gazte batek eskua galdu zuen. Anputatua, guztiz, poliziak legalki erabiltzen duen granada batek lehertua. Burura etorri zitzaidan zeinen zaila izan daiteken erantzukizuna bere tokian kokatu eta mantentzea: zer egiten nuen nik istilu haietan, jakin behar nuen non sartzen nintzen, ez nuen arriskua ondo neurtu.

Iruñeko istiluetan iaz atxilotutako Oreretako gazteek gauza bera pentsa dezakete. Are zamatsuagoa... [+]


2018-06-22 | Hala Bedi
Gasteizko Auzolana Pilotalekua, 10 urte txapa ematen

10 urte bete dira Gasteizko Alde Zaharreko zenbait norbanako eta eragilek pilotalekua okupatzea lortu zutenetik. Azkenengo urteak korapilatsuak izan diren arren, hasierako filosofiak aurrera darrai, autogestioa oinarri izanik.


2018-06-10 | Jakes Bortairu
Notre-Dame-des-Landes

NDDL bezala ezagutua den Nantes aldeko herri txikian 50 urtez aireportu proiektu baten kontrako borroka iragan da, bereziki azken hamarkadan. 2009tik goiti ingurumen eta bertako laborarien defentsari klima aldaketaren problematika gehitu zitzaion, eta oro har, produkzio-modu kapitalistaren erabateko kritika. Hasieran mobilizatu ziren jendarteko eragile desberdinei, beste sektore erradikalago batzuk lotu zitzaizkien proiektua oztopatzeko. Borrokaren dinamikak mikro-jendarte alternatiboa sortu... [+]


Eguneraketa berriak daude