argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko Ospa Eguna debekatzeko eskatu du Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak
  • Larunbateko Ospa Eguna debekatzea eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak epaileari, Guardia Zibilaren JUCIL elkartearen eskaria dela eta. Haien esanetan, instituzio armatuaren aurkako gorrotoa sustatzen duen festa bat da.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 30a
Ospa Egunaren aurkezpena. Argazkia: Altsasuko Gazte Asanblada.

Fiskaltzak instrukzioko bigarren epaitegi zentralera eraman du jada Ospa Eguna debekatzea eskatzen duen txostena. María Chivite Nafarroako lehendakariak ordea halako egun bat “ezin dela debekatu” adierazi du. Haren ustez demokrazia batean ezin da ekitaldi bat debekatu elkarte batek delitu bat egingo dutela uste duelako.

Ospa Eguna 2010etik ospatzen dela gogorarazi du Chivitek, eta PP eta UPNren gobernuek ez dutela inoiz debekatu azpimarratu du. Hala ere, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak egiten duten lana goraipatu du, eta esan du Ospa Egunaren helburua eta sena ez duela gogoko.

Nahiz eta ez debekatu, fiskaltza adi egongo dela esan du Chivitek, gerta litezkeen delituak antzemateko eta ikertzeko: “Delitu bat egon ezkero ulertzen dut fiskaltzak salaketa jartzea, baina hori ezin da lehenago egin”, esan du Nafarroako lehendakariak.