Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Madrilgo Soto del Real espetxetik Zaballako kartzelara lekualdatu dituzte.
Efe agentziak eman du lekualdatzearen berri, presondegiko iturriei aipamena eginez. Gazteen senideek, ostera, ez dute berririk izan pasa den ostiraletik. Familiaren bisitaldia aprobetxatuz, Cobek Zaballara lekualdatuko zutela jakinarazi zien.
Bi gazteak 2016ko urrian kalez jantzitako bi guardia zibil eta hauen bikotekideekin izandako liskar batengatik auzipetu zituzten, beste sei lagunekin batera. Gazteetatik hiru, Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz, 2016ko azaroan espetxeratu zituzten. Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Iñaki Abad eta Aratz Urrizola ostera, iragan ekainaren 5ean atxilotu zituen Espainiako Guardia Zibilak, ekainaren 1ean kartzela zigorra ezarri ostean.
Guardia zibilak eta bikotekideak jotzea egotzita, 79 urteko kartzela zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak zortzi gazteei. Zortzietatik zazpi daude espetxean.