argia.eus
INPRIMATU
Maizterrak kaleratu eta ugazabek etxebizitzak saltzen dituztela salatu du Aldak Baionan
  • 2019an 302 maizterren aurkako prozedurak ireki zituzten, alokairu kontratua eten ostean etxebizitzak ez uzteagatik. Kopuru hori sinbolizatuz, 300 etxebizitza inguratu ditu Aldak Baionako auzo batean.

2023ko martxoaren 15
300 etxebizitza zintaz inguratu dituzte Baionan, salatzeko maizterrak etxebizitzetatik kanporatzen dituztela. (Argazkia: Kazeta)

Maizterrak etxebizitzetatik kanporatzen dituztela salatu du Alda mugimenduak, alokatutako etxebizitzak saldu egiten dituztelako, alokairu kontratuak etenda. 2019an 302 maizterren kontrako prozedurak jarri zituzten martxan, etxebizitzak saldu ostean etxetik alde ez egitea leporatuta. Alda mugimenduak azaldu duenez, erresistentzia kasu horiez gain askok etxea besterik gabe uzten dutela, eta, beraz, askoz ere handiagoa dela etxegabetze kopurua.

Sinbolizazio ekintza

2019ko kopuru hori sinbolizatu nahian, 300 etxebizitza zintaz inguratu dituzte mugimenduko kideek Baionako auzo batean. Salatu dute Baionan gisa horretako etxegabetzeak Frantziako Estatuko hiri handietan baino askoz ere gehiago gertatzen direla, eta oro har Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren krisiaren erakusgarri dela fenomenoa.

Xebas Christy Alda-ko ordezkariak azaldu du salmentara ateratzen dituzten etxeetako asko bigarren etxebizitza gisa saltzen dituztela. Kasu horietan legea aldatzea eskatu du, kanporatzeak legez kanpokoak izan daitezen. Eskakizun gehiago ere plazaratu ditu mugimenduko ordezkariak. Besteak beste, kanporatuek etxebizitza sozialentzat lehentasuna izatea, kanporatua izateko epea hiru aldiz luzatu ahal izatea eta kaleratu aurretik etxebizitzarik lortu ez duten pertsonen kasuan, kaleratzeak debekatzea.