Legea 2024ean ezarriko da. Aurretik Frantziako Estatuko Prefeturak herri bakoitzeko gehienezko alokairua finkatuko dute.
Ipar Euskal Herriko 24 herritan alokairuak mugatzeko dekretua argitaratu dute. Frantziako Estatuko Etxebizitza Ministro Patrice Vergrietek iragarri zuen dekretua uda honetan, gobernuko ordezkarien hitzetan, “prezioen etengabeko igoerari aurre egiteko”. Urriaren 25ean agertu da neurria Frantziako Agerkari Ofizialean.
2024ean sartuko da legea indarrean. Hori baino lehenago, prefeturak herri bakoitzeko gehienezko alokairua eta batez besteko alokairua finkatuko ditu, Tokiko Alokairuen Behatokiaren datuen arabera.
Neurria udalerri hauetan ezarriko da: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Baiona, Basusarri, Bidarte, Biriatu, Bokale, Donibane Lohizune, Getaria, Hendaia, Hiriburu, Jatsu, Larresoro, Lehuntze, Miarritze, Milafranga, Mugerre, Urketa, Urruña, Uztaritze eta Ziburu.
Oinarrizko eskubideen eta beharren alde aritzen den Alda elkartea dekretuaren alde agertu da: “Espero izatekoa da neurri horrek eta konpentsazio legeak merkatuko prezioetan eragina izanen duela eta zenbait espekulazio praktika geldiaraziko dituela”.